Patologia larrien ondorioz ospitalizatuta dauden haurrek Athleticen koloreak eta armarria dituen mantala jantzi ahal izango dute. Gaur goizean San Mamesko prentsa-aretoan aurkeztu dute proiektua. Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIko ordezkariak izan dira Edurne Omaetxebarria, zuzendari medikoa; Covadonga Fernández Maiztegi, zuzendariorde medikoa; Pilar Sánchez, Erizaintzako zuzendaria; Begoña Montecelo, Pediatriako Erizaintzako gainbegiralea; eta Itziar Llaguno, Pediatriako erizain klinikoa. Athleticen aldetik, ordea, parte hartu dute Athletic Fundazioko Juan Carlos Ercoreca presidenteak eta Jon Vázquez Eguskiza zuzendari nagusiak. Basurtuko ospitaleko ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan; izan ere, proiektua bertara ere zabaldu du Athleticek.
Gurutzetako unibertsitate ospitalearentzat oso pozgarria da Athletic Fundazioaren babesa izatea umeen asistentzia-eremuak humanizatzeko prozesuetan. Athletic Fundazioaren eta Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIren arteko hitzarmenean jartzen du: «Tratamenduei aurre egin behar dieten umeek eta futbolariek gauza asko dituzte komunean: epe laburrean, ertainean eta luzean lan egiteko eta ahalegintzeko beharra (batzuetan, helmuga ziurra izan gabe), fedea eta itxaropena izatekoa eta hirugarrenez fidatu beharra (lankideak, entrenatzailea edota pertsonal sanitarioa)».
Aurkezpen-ekitaldian, Edurne Omaetxebarriak nabarmendu du ospitaleratuta dauden haurrei aurpegia alaitzen zaiela erizain, laguntzaile edo doktore batek Athleticen elastikoaren itxura duen mantala eskaintzen dienean, baita ilusio hori heroi txikiek ospitalean jasotzen duten tratamenduan oso lagungarria dela ere.
Amaitzeko, eskerrak eman dizkie, pertsonen osasuna berreskuratzeko lan egiten duen zentro gisa, Athletic Fundazioari bere jardunagatik eta taldeko jokalariei paziente txikien ilusio-erreferente izateagatik.