Gurutzeta Eskolako ikasleak BioCruces Bizkaiaren egoitzan egon ziren, eta egun batez haur-minbiziaren ikertzaile bilakatu ziren. Urte guztian, EiTB taldeko hedabide guztiak (telebista, irratia eta Internet) buru-belarri jardun dira haur-minbiziari buruz sentsibilizatzeko kanpaina honetan. Hain zuzen, kanpaina hori amaitzeko, abenduaren 10ean, gaixo, senide, mediku eta profesionalek beren testigantza emango dute, errealitate honen dimentsioa azaltzeko.

EiTB Maratoia ekimenaren barruan, azaroaren 26an, BioCruces Bizkaia Ikerkuntza Institutuaren egoitzan egon ziren Gurutzeta Eskolako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleak, eta ikertzaile bilakatu ziren egun batez. Ikertzaile, mediku eta ikerkuntzako teknikari profesionalek lagunduta, Mikroskopia Unitatean eta animaliategian egon ziren, eta zenbait esperimentu egin zituzten. Era berean, haur-minbizia ikertzen diharduten lau ikertzailek BioCruces Bizkaian zer ikertzen den azaldu zieten.

Arratsaldean, lau ikertzaile eta zenbait mediku espezialista beste ikastetxe batzuetara joan ziren (Basurtu, Zorrotza, Zapilanda eta Fray Juan), Gurutzeta Eskolako ikasleek bizitako esperientzia errepikatzeko.