Gaur, azaroak 14, Diabetesaren Mundu Eguna ospatzen da, gaixotasun hori, Euskadin, Estatuko eta Europako gainerako lekuetan bezala –herritarren ezaugarri demografikoak eta bizi-estiloko aldaketak kontuan hartuta–, areagotu egin da, baina prebalentzia Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da eta beste autonomia-erkidego batzuetakoa baino askoz ere txikiagoa.
Osakidetzako profesionalek egindako eta Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako ikerketa-azterlan baten arabera, mellitus diabetesaren prebalentzia Euskadin 18 urtetik gorakoetan % 10,6koa da. Espainian, metodologia berarekin eta helburu berarekin egindako azterlanetan ikusi zen prebalentzia % 13,8koa dela eta, Andaluzian, esaterako, % 16,3koa.
Era berean, pasa den larunbatean, Bizkaiko Diabetes Elkarteak, ASVIDIAk, antolatutako jardunaldietan, Osasuneko sailburu Jon Darpónek iragarri zuen hil honetan, azaroan, ezarriko dutela glukosaren etengabeko monitorizazio-sistema berria, denbora errealean, 18 urtetik beherako diabetiko guztientzat.
Glukosa kontrolatzeko gailu berriak Osakidetzako ESIetako endokrinologia kontsulten bidez banatuko dira, eta espero da 3 hilabeteko epean izatea 1 motako diabetesa duten adingabe guztiek, 400 inguruk, sistema hori, horrela intsulina eman aurretik neurtzeko hartzen dituzten sastada guztiak saihesteko.