Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoak prebalentzia handia du mundu mailan, eta datozen urteetan gora egingo duela uste da. Azken datu estimazioaren arabera, Espainian, patologia hori du 40 eta 80 urte arteko pertsonen %10,2k, eta adin tarte horretan infradiagnostikoen tasa %73 ingurukoa da.

Kopuru horiek gorabehera, izaera kronikoa duen gaixotasun hau —bronkioei eta birikei erasaten die— «neurri batean prebeni daiteke, baldin eta jasaten dutenek tabakoa saihesten badute, eta egonkortu ere egin daiteke, hura kontsumitzeari uzten bazaio», nabarmendu du Gurutzetako Ospitaleko Pneumologia zerbitzuburu Milagros Iriberri doktoreak.

Gaixotasun honek pertsona gaixoen bizi-kalitatean duen eragina dela eta, datorren azaroaren 15ean, asteazkena (Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoaren mundu-eguna), «Hitz egin dezagun Buxadurazko arnas gaixotasun kronikoari buruz» jardunaldia egingo da Bilbon, 19:00etan, Ercilla hotelean; publikoari irekitako jardunaldia izango da. Mahai gainean jarriko den gaietako bat diagnostiko goiztiarraren garrantzia izango da.

«Hainbat azterketak agerian jarri duenez, gaixotasuna izan eta jasaten dutenik ez dakiten pertsonak %50 eta %75 artean dira, dela gaixotasuna estadio goiztiarrean dagoelako dela bere sintomak —eztula, espektorazioa, katarro sarriak eta batzuetan, arnasa hartzeko zailtasuna— pazienteak berak gutxiesteagatik», ohartarazi du espezialistak; gaineratu du gaixotasun hori ez dela arnas aparatura bakarrik mugatzen; aitzitik, zeinu sistemiko hauek ditu bereizgarri, besteak beste, depresioa, miopatia, osteoporosia, kardiopatia eta hipertentsioa.

Horregatik guztiagatik, Osakidetzak telemedikuntza sartu du hainbat patologiaren diagnostikoan, jarraipenean eta zainketan, haien artean, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoarenean. «Osakidetzan, telemedikuntzan aitzindari den programetako bat da tele-espirometriarena; buxadurazko arnas gaixotasun kronikoaren plan estrategiko nazionalak saritua, eta haren helburua Lehen Mailako Arretan espirometriaren kalitatea hobetzea da. Telemonitorizazioko beste programa bat TELEPOC da; osasuneko langileei buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa duten eta profil larriagotua duten paziente larrienak kontrolatzea ahalbidetzen die», azaldu du fakultatiboak.

Programa horren bidez, pazienteak erreferentziazko ospitaleko erizaintzako profesionalari bere bizi-konstanteak eta galdeketa labur baten erantzunak bidaltzen dizkio, hori guztia smartphone baten bidez. Horiek aztertutakoan, eta beharrezkotzat joz gero, pazientea osasun-zentroko bere medikuarengana, Pneumologiako espezialistarengana edo Larrialdietako zerbitzura bideratzen da; hala ospitaleratzeak saihesten dira.

Noticia anteriorDiabetesaren Mundu Eguna
Noticia siguienteAzaroaren 18a, antibiotikoak zuhurtziaz erabiltzeko Europako