Osakidetzak, dagoeneko, Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketarako Programa pilotua hasi du eta, horretarako, lehen gutunak bidali dizkie Debabarrena eskualdeko 25 eta 29 urte bitarteko emakumeei. Osasun-zentroko emaginarenena proba erraza egitera joateko hitzordua duten gonbidapenak joan den astean bidali ziren, eta lehen probak ekainaren 28tik aurrera egiten hasiko dira. Horrela, 2018ko azken hiruhilekoan, Arabako ESIra ere zabalduko da eta baheketaren ezarpena 2019an adin-tarteetan eta Euskadi osora zabaltzen joango da. Programa horren bidez, umetoki-lepoko minbiziaren kasuak murriztu nahi dira; programa 2023rako erabat ezarrita egongo da, hiru lurraldeetan, eta 25 eta 65 urte bitarteko emakume guztiak parte hartzera gonbidatuko dira. Programa horrez gainera, Osakidetzak martxan ditu, dagoeneko, detekzio goiztiarreko beste bi programa eta parte-hartze tasa handia dute: Kolon eta Ondesteko Minbiziaren Baheketa eta Bularreko Minbiziaren Bakeheta.

Iñigo Urkullu Lehendakariak programa hau Debako Osasun Zentroan aurkeztu du, Jon Darpón Osasun sailburuarekin batera; mezu positiboa eman nahi izan dio euskal gizarteari, izan ere, detekzio goiztiarrari eta asistentzia-kalitateari esker, Euskadin lortzen ari da minbizitik bizirik irauten dutenen kopuruak oro har gora egitea, Estatuaren batez bestekoaren gainetik, bai eta Europako batez bestekoaren gainetik ere.

Lehendakariak, programaren lehen fase pilotu hau hasiko duten Eusko Jaurlaritzako Osakidetzako profesionalen taldearekin bilera egin ondoren, zera esan du: “Osakidetzak eta Osasun Sailak jarraituko dute prebentzio eta diagnostiko goiztiarraren aldeko apustu egiten, eta programa horietara berdintasun-baldintzetan jotzeko aukeraren apustu egiten eta, horretarako, dauden desberdintasunak ezabatzen, bizirik irauten dutenen tasak areagotzeko”.

Dagoeneko Euskadin abian jarri den Umetoki-lepoko Minbiziaren Baheketarako Programak programa poblazionalaren eredu bati erantzuten dio, eta, horrela, baheketa hori modu antolatuan eta 25 eta 65 urte bitarteko emakume guztientzat sustatzea erabakitzen duen lehen autonomia-erkidegoa bilakatu da. Sustapen hori sistematikoa izango da eta, horretarako, gonbidapena bidaliko zaio emakume bakoitzari, proba egitera joateko.

Horrela, datozen bost urteotan, honako ezarpen-fase hauek ezarriko dira:

  • Lehen urtea: 25 eta 29 urte bitarteko emakumeak
  • Bigarren urtea: 30 eta 34 urte bitarteko emakumeak
  • Hirugarren urtea: 35 eta 44 urte bitarteko emakumeak
  • Laugarren urtea: 45 eta 54 urte bitarteko emakumeak
  • Bosgarren urtea: 55 eta 65 urte bitarteko emakumeak

Lehen fase pilotu horretan, gonbidapena Debabarrenako ESIren babesean dauden emakumeei egingo zaie, eta, 2019an, baheketa Euskadi osoan ezartzen hasiko da, deskribatutako faseetan. Eredu poblazional horrekin batera, gaur egun Osakidetzan indarrean dauden programa oportunistetan parte hartzen duten emakumeak izango dira; horiek, pixkanaka, programa poblazionaletan sartzen joango dira, eta gutunez gonbidatuak izango dira.

Emaitzak normaltasunaren barruan badaude, proba egiteko berriro deituko da hiru urtean behin, 25 eta 34 urte bitarteko emakumeen artean, eta bost urtean behin, 35 eta 65 urte bitartekoetan.

Prentsa-Oharra

Triptikoa

Liburuxka