Maiatzaren 31n egin zen saioa, BioCrucesek antolatua: «Neuroirudian oinarritutako garun-konektibitatea, garun patologikoaren emergentziaren eta disfuntzioaren kuantifikaziorako eta berrantolaketarako», Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Guridi aretoan.
Hizlaria Jesús Cortés Diaz izan zen, Ikerbasque fundazioko ikertzailea eta BioCruces Bizkaiako Neuroirudi Konputazionaleko Taldearen koordinatzailea.
Egiturazko garun-konektibitatea eta konektibitate funtzionala definitzeko laburpen bat egin ostean, Cortés doktoreak BioCruces Bizkaiako Neuroirudi Konputazionaleko Taldearen hiru lan-proiektuei buruz hitz egin zuen. Taldea 2012an eratu zen, eta, berriki, bikaintasun-talde finkatu gisa egiaztatu dute. Lehenengo proiektuari dagokionez, Cortés doktoreak azaldu zuen garun-konektibitatea koman dauden pazienteen kontzientziaren kuantifikazio-markatzaile ona izan daitekeela. Bigarren proiektuaren kasuan, berriz, azaldu zuen egiturazko konektibitatea eta konektibitate funtzionala nola berrantolatzen diren haurrengan, axoien lesio hedatsu bat izan eta zenbait urte geroago. Azken proiektuari dagokionez, adierazi zuen hutsegite multiorganiko bat gertatu eta gero (garuneko lesioak ez daudenean ere), badela narriadura kognitiboa eta bizi-kalitatearen narriadura ZIUan alta jaso ondorengo 6 hilabete eskaseko epean, bai eta segregazio/espezializazio galera bat sare funtzionaletan ere.