Ekainaren 7an, BioCruces Bizkaia Ikerketa Sanitarioko Institutuak antolatutako «Asmoa, Behaketa, Ilusioa eta Ekintza motorra: oinarri neurofisiologikoetatik hauen aplikazio funtzionalera» mintegi zientifikoa egin zen, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Arriaga aretoan.
Hizlaria Ana Bengoetxea Arrese doktorea izan zen, irakaslea (Bruselako Unibertsitate Librea) eta BioCruces Bizkaiako Nerbio-birsorkuntza eta Lesio Ondoko Taldeko ikertzailea.
Mugimenduaren kontrolean, behaketan eta ilusioan parte hartzen duten neurona-sareen oinarri neurofisiologikoetatik abiatuz, hizlariak EXOTEK plataforma aurkeztu zuen. Plataformak goiko gorputz-adarraren berreziketa zentzu-mugimenezkoa egiteko balio du; horretarako, terapia robotikoa eta errealitate birtuala konbinatzen ditu. Plataforma hori Tecnaliak, VirtualWarek, UPV/EHUk eta BioCrucesek gauzatutako proiektu baten emaitza da. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren finantziazioa jaso du.