Kanpo-Kontsultak 2 Informazio mahai dago, ASBIEPOC elkartekoekin. Gainera, Espirometriak ere egiten dira. 10:00retik 13:00era

Biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa batez ere tabakismoak eragiten du, eta 40 eta 48 urte bitarteko pertsonen % 10i eragiten dio. Azken urteetan, gaixotasun hau duten emakumeen kopurua handitu egin da. Nolanahi ere, nolabait prebenitu egin daiteke bronkioei eta birikei eragiten dien gaixotasun kroniko hau tabakismoa saihestuz gero eta egonkortu egin daiteke tabakoa erretzeari utziz gero.

Gaixotasun honek ondorio larriak ekar ditzake, eta ezinbestekoa da diagnostikoa garaiz egitea. Espirometria soil baten bidez egiten da: proba bizkorra da, ez du minik ematen, eta osasun-zentro, anbulatorio eta ospitaleetan egin ahal izango da gaurko egunean zehar.

Hainbat ikerketak erakusten duenez, gaixotasun hori daukaten pertsonen % 50 eta % 75 inguruk ez dakite daukatela, dela gaixotasuna hasierako fasean dagoelako, dela pazienteak sintomak gutxietsi egiten dituelako (eztula, karkaxak, katarroak sarri harrapatzea eta, kasu batzuetan, arnasa hartzeko zailtasunak).

Gainera, BGBK ez da arnas aparatura mugatzen; aitzitik, agerpen sistemikoak ditu (esaterako, depresioa, miopatia eta osteoporosia), bai eta lotutako beste komorbilitate batzuk ere (adibidez, kardiopatia eta hipertentsioa).

Osakidetzak telemedikuntza txertatu du diagnostikoan, hainbat patologiaren segimendua eta zainketa egiteko. Osakidetzan, telemedikuntzan aitzindari den programetako bat teleespirometriarena da; BGBKren plan estrategiko nazionalak saritu du jardunbide egoki gisa. Helburua zera da: espirometriaren kalitatea hobetzea Lehen Mailako Arretan.

Osakidetzaren beste telemonitorizazioko programa bat TELEPOC programa da. Horren bidez, bada, BGBK eta profil larriagotua duten paziente larrienak etxean bertan kontrola ditzakete osasun-langileek. Hala, pazienteak bere bizi-konstanteak eta galdetegi labur baten erantzunak bidaltzen dizkio berari dagokion ospitaleko erizaintzako profesionalari, smartphone batetik. Datuok aztertu ostean, eta beharrezko jotzen bada, osasun-zentroko medikuarengana bidaliko dute, edo pneumologiako espezialistarengana, edota larrialdietako zerbitzura, ospitaleratu behar izan gabe.

Arnas gaixotasun kronikoa duten pertsonak hobeto daude etxean ospitalean baino; baina, zainketak erraztu behar ditugu, eta laguntza maila guztietatik lagundu: lehen mailako arreta, ospitaleratzea, praktika aurreratuko erizainak, laguntza psikosoziala. Kalitatezko pneumologia-laguntza emateko ezinbestekoa dira arnas zainketetako etxeko programak, dimentsio anitzekoak eta koordinatuak, hain zuzen ere, etxeko arreta eta ospitaleratzea uztartzen dituztenak, baita arnas terapietako enpresak ere.

Azken urteetako beste mugarri garrantzitsu bat, telemedikuntza txertatzeaz gain, ASBIEPOC (BGBK duten Bizkaiko gaixoei laguntzeko elkartea) sortzea izan da. Elkarte horrek 4 lehentasunezko eremu ditu helburu:

  • Arnas gaixotasunei buruzko informazioa ematea paziente eta familiei.
    • Pazienteekin eta pazienteentzako jarduerak egitea, kezkak eta arazoak adieraz ditzaten.
    • Arnas gaixotasun kronikoak dituzten pazienteak tratatzen dituzten profesionalen eta gaixoon zaintzaileen arteko sareak sortzea.
    • Arnas gaixotasunei eta horiek pazienteen bizi-kalitatean duten inpaktuari buruzko informazio gehiago ematea gizarteari.

BGBK duten pazienteek oso lagungarri izan dezakete parte hartzeko eta planifikatzeko jarrera izatea. Osasun-profesionalek eta BGBK duten pazienteek azken prozesuari eta borondate aurreratuei buruz hitz egin beharko genuke; pazientearen lehentasunen berri izan beharko genuke, eta, zer motatako zainketak nahi diren adostu, nahi ez diren esku-hartzeak saihesteko; eta zainketak aurretik planifikatzen saiatu beharko ginateke.

Etorkizuneko erronkak pazienteentzako programa elkarreragileak izan daitezke; hots, pazienteen foruma. Aurrez aurre ditugun beste errealitate batzuk biztanleriaren zahartzea, pluripatologia eta problematika soziala dira; hori dela eta, dimentsio askoko ikuspegi batetik baloratu beharko lirateke BGBK duten pazienteak, eta oso onuragarritzat jo esku-hartze psikosoziala.

Milagros Iriberri Pascual
Neumologiako Zerbitzuburua 
Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea