15Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutua Pfizer txertoa jaso duten boluntarioen bila dabil, saiakuntza kliniko horren II. fasean parte hartzeko

Saiakuntza klinikoan, Espainiako Estatuko 10 ospitalek hartuko dute parte, eta Bartzelonako Ospitale Klinikoko Etika Batzordea eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia (AEMPS) ari dira saiakuntza ebaluatzen

Osasuneko sailburua: Osasun Sailak COVID-19ari aurre egiteko erantzun eraginkorren bilaketan laguntzearen eta ikerketaren alde egin duen apustua islatzen du azterlanak

Euskadik COVID-19aren aurkako HIPRA errefortzu-txertoa ikertzeko azterlanean parte hartuko du, eta boluntarioak behar ditu horretarako. IIB fasean dagoen saiakuntza klinikoa da, eta HIPRA errefortzu-dosiak aurrez Pfizer txertoa jaso duten pertsonengan koronabirusaren aurkako erantzun immunologikoa luzatzen duen ala ez aztertzea du helburu.

Osakidetzaren Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketako Institutuak egingo du azterlan hori, Espainiako Estatuko beste bederatzi zentrorekin batera. Horretarako, aurretik Pfizer txertoa jaso duten 18 urtetik gorako 110 boluntarioren parte-hartzea behar du. (Interesdunak Biocruces Bizkaia OIIarekin harremanetan jar daitezke honako telefono mugikor hauen bitartez: 644806766/644197697)

Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduiren ustez, Osasun Sailak ikerketaren alde egin duen apustua islatzen du Euskadik azterlan horretan parte hartzeak, eta, azpimarratu duenez, azterlana beste aukera bat da Covid-19aren aurkako txerto berri bat garatzen laguntzeko. Ildo horretan, azterlanean parte hartzera eta pandemia osoan erakutsitako elkartasuna berriz ere agertzera animatu ditu herritarrak. Izan ere, txertoa izan da eta da birusari aurre egiteko tresnarik onena.

SAIAKUNTZA KLINIKOAREN DESKRIBAPENA

Saiakuntza klinikoa Bartzelonako Ospitale Klinikoko Etika Batzordea eta Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentzia (AEMPS) ebaluatzen ari dira hainbat ospitaleren parte-hartzearekin, eta Covid-19aren aurkako HIPRA txertoaren errefortzu-dosiak aurretik txertoa jaso duten pertsonengan Covid-19aren aurkako erantzun immunologikoa luzatzen duen ala ez jakitea eta txerto horren erabilera segurua dela baieztatzea du helburu.

Saiakuntza klinikoen I/IIa fasea 2021eko abuztuaren erdialdean hasi zen, eta bi ospitaletan egin zen: Bartzelonako Ospitale Klinikoan eta Gironako Dr. Josep Trueta Ospitalean. Covid-19aren aurkako txertoa jaso ez zuten eta aurretik Covidak infektatuta egon ez ziren 18-39 urteko 30 pertsonak hartu zuten parte. Parte-hartzaile batzuek ikertzen ari den txerto berriaren bi dosi jaso zituzten, eta beste batzuek, berriz, dagoeneko merkatuan dagoen txerto baten bi dosi. Parte-hartzaileei urtebeteko jarraipena egiten ari zaie.

Azaroaren 22tik aurrera Biocruces Bizkaiaren parte-hartzearekin hasiko den IIb fasea I/IIa fasean azterlanean parte hartu duten pertsona guztiengan onargarritasuna egokia dela eta ondorio kaltegarri aipagarririk ez dagoela frogatu ondoren egingo da, Sendagaien eta Osasun Produktuen Espainiako Agentziaren (AEMPS) eta Bartzelonako Ospitale Klinikoko Etika Batzordearen onespenarekin.

Bigarren fasean parte hartzen duten pertsonek HIPRA txertoaren edota Comirnaty (Pfizer-BioNTech) txertoaren errefortzu-dosi bat jasoko dute.

HIPRA TXERTOAREN EZAUGARRIAK

COVID-19aren aurkako HIPRA TXERTOA proteina birkonbinatuko txerto bat da. Proteina birkonbinatu horrek birusaren hainbat aldaeraren sekuentzia biltzen du, eta, horren ondorioz, dauden aldaeren aurkako immunitatea sortzen du. Proteina horrek gure gorputza estimulatzen du birusaren aldaeren aurkako immunitatea sor dezan, baina ezin du gaixotasuna garatu. Erabiltzen den adjubantea (proteinak sortutako erantzun immunitarioa indartzen duen substantzia) duela 20 urtez geroztik gripearen aurkako txertoen ehunka mila dositan erabili denaren antzekoa da, eta adin guztietarako oso segurua dela frogatu da.

BOLUNTARIOEN PARTE-HARTZEA

Parte hartzeko deia aurretik Pfizer txertoa jaso duten 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago.

Helburua da parte hartzeko irizpideak betetzen dituzten 1.075 pertsona heldu lortzea. Haietatik, 716 pertsonak aztertzen ari den txertoaren (COVID-19aren aurkako HIPRA txertoaren) errefortzu-dosia jasoko dute, eta kontrol-talde izenekoa osatuko duten gainerako 359 pertsonek, berriz, Comirnaty izenarekin merkaturatu den Pfizer-BioNTechen txertoaren errefortzu-dosia. Parte hartzen duten pertsonei urtebeteko jarraipena egingo zaie.