Azaroaren 15a gaixotasun neuromuskularren eguna da, eta Biocruces Bizkaiko Gaixotasun Neuromuskularren Ikertaldeak bat egin du Gaixotasun Neuromuskularren Espainiako Federazioak (ASEM) gaixotasun horiek ezagutzera emateko antolatzen dituen jarduerekin. Gaixotasun neuromuskularren artean 150 patologia baino gehiago daude, eta paziente askori eragiten diete (Espainian 60.000 pertsonak baino gehiagok pairatzen dituzte, eta horietako asko haurrak dira). Hala ere, banaka, gaixotasun arrarotzat hartzen dira. Gaixotasun degeneratiboak dira; hau da, giharrei eragiten diete eta desgaitasuna sortzen dute, eta, oraingoz, gaixotasun gehienek ez dute sendabiderik.

Gure institutuko Gaixotasun Neuromuskularren Ikertaldea Duchenne-ren eta Becker-en distrofia muskularrak, distrofia miotonikoa eta VI motako kolagenoarekin lotutako miopatiak tratatzeko terapia berriak garatzeko lanean ari da. Pazienteen kultibo zelularren bidez lan egiten dugu terapia horiek ebaluatzeko, eta, beste metodo batzuen artean, gene-edizioa eta PCR digitala erabiltzen ditugu gaixotasunen eredu berriak sortzeko eta balizko tratamenduak aztertzeko, barne hartuta bai molekula txikien bidezkoak bai RNA terapiak. Lan hori osasun-langileekin, pazienteekin eta beste ikertzaile batzuekin elkarlanean egiten dugu, eta nazioarteko hainbat sare baliatzen ditugu horretarako. Urtero bezala, gaixotasun neuromuskularren eguneko kanpainan, sareetan aurkituko gaituzue egun hau beraiekin partekatzen.

Aurtengo leloa #Capaces15N da. Gure ikertaldeak erakutsi du gaixo neuromuskularrek gure gizarteari ekarpenak egiteko gaitasuna dutela: Andrea López Martínez doktoratu aurreko ikertzaileak gaixotasun neuromuskular bat du, eta distrofia miotonikoa tratatzeko terapiak bilatzen lan egiten du. Gaixotasunak ez dio eragotzi bere espezialitatean trebatzea, ezta nazioarteko egonaldiak egitea ere; orain, ezinbestekoa da gure lantaldean: artikuluak argitaratzen ditu, eta ikerketa-sareen kudeaketan eta zientzia-dibulgazioko jardueretan laguntzen du.