Muskizko eta Ortuellako osasun-zentroetan biblioterapia-proiektua hasi dute, familia-eremuan osasuneko hezkuntza sustatzeko, irakurketaren bidez eta garapen kognitiboa eta emozionala estimulatuz.

Zehazki, Muskizko osasun-zentroko Irene Gutiérrez pediatra eta Clara González eta Mónica Monje erizainak eta Ortuellako osasun-zentroko Maite Montejo erizaina izan dira proiektuaren buru. Proiektuaren helburua da hezkuntza emozionala sustatzea liburuen bitartez, gaixotasunak prebenitzeko; hau da, irakurketa agintzea.

Pediatriako kontsultan hasten da ekimen honen ezarpena; haurrekin eta haiek laguntzen dituztenekin lan egiten da banan-banan, eta mediku- eta portaera-jarraibideak ematen zaizkie. Gero, hori indartzeko, haurrek kasuarekin lotutako informazioa irakurtzen dute etxean, gurasoekin.

Gainera, 0 eta 3 urte bitarteko adingabeen familiei zuzendutako saioak egin dira. Modu arin eta arruntean azaldu zaie zeinen garrantzizkoak diren hezkuntza emozionala eta txiki-txikitatik irakurtzen hastea, adin horietako oinarrizkoak diren zenbait alderdiri buruz: kasketak, elikadura, loaren nahasmendua, eta abar; betiere, emozioak eta liburuak izanik gidari.

Ibilbide honetan, Muskizko udal-liburutegiak laguntza-rola jokatzen du, materialari eta orientazioari dagokienez, kontsultan «agindutako» irakurketari buruzko lehen gomendioak eman ondoren.