Iragan hurbilera eta ez hain hurbilera begiratuz, burura etortzen zaizkit bizitzak transmititu dizkigun lezioak, gure aurreko emakumeek utzi dizkiguten legatuak. Ez gara gai horiek izendatzeko, eta are gutxiago horiek aitortu eta balioztatzeko.

Azken bi urteak erabateko haustea izan dira bizi-estiloan eta pertsona guztiek zehaztuta genituen lehentasun pertsonal eta sozialetan. Pertsonen arteko distantzia bat bizi izan dugu eta oraindik ere markatzen jarraitzen dugu; kontaktu fisikoa esponentzialki murriztu da, eta, horren ordainetan, HITZAK boteretsu bilakatu dira. Orain arte ez gara gai izan botere hori identifikatzeko eta baliteke oraindik ere ez jakitea benetan zer nolakoa den.

Beste pertsonekiko harremana modu askotara eraldatu da azkenaldian: kontaktu fisikotik (besarkadak, laztanak, musuak) eta ikusizko eta ahozko kontaktutik (dela aurrez aurre, dela sare sozialen bidez), aurrez aurre ezin egon izatera eta nagusiki ahozkoa eta sare sozialen bidezkoa (deiak, bideodeiak) den harreman batera igaro gara, eta, gero, azken hilabeteetan, kontaktua berreskuratzen hasi gara, baina beldurrez eta ziurgabetasunez.

Egunero komunikatzeko erabiltzen dugun zerbait askotan emotikoekin edo laburdurekin ordezkatu da, adierazi nahi duguna azkarrago esateko; bada, gure bizitzak nahasi eta are erabat aldatu ditzaketen emozioak eta portaerak sortzera irits daiteke.

Hitzak gure pentsamenduen gidariak dira, eta itxaropenean edo atsekabean murgiltzen gaituzte.

Aurreko hori guztia adierazten duen hitzetako bat ERRESILIENTZIA da: arazo bati aurre egiteko eta horri buruzko erabaki posible onenak hartzeko, gure beharrei, gaitasunei eta mugei buruzko benetako kontzientzia hartzeko prozesua.

Prozesu hori hitzaren bidez transmititu izan da eta transmititzen da, eta emakumeok denbora daramagu hori egiten gure egoerari buruz KONTZIENTZIATZEAREN bidez, gure beharrak IKUSI ETA AZALTZEAREN bidez, gure gaitasunak AGERTU ETA ALDARRIKATZEAREN bidez, eta gure mugak AITORTZEAREN bidez.

Erresilienteak izanda ere emakumeok ez gara libratu mehatxuaren estutasunetik eta beste esperientzia txar batzuen minetik, eta ez zaigu gutxiagotu egoera zail hauetan datozkigun emozioen inpaktua, baina sormen handiagoa dugu aldaketen eta kontrako egoeren aurrean.

Erresilientziak jarreren, ahaleginen eta sakrifizioen arloan funtzionatzen du eta itxaropena, baikortasuna eta BIRSORTZEA bultzatzen ditu.

Artikulu honetan, hitzek duten boterea islatzen saiatu naiz. Gure burua adierazteko erabiltzen ditugun terminoak dira eta, lerro hauetan, helarazten saiatu naiz jarrera subjektibo bat dela, gizadiaren ondarea; izan ere, pertsona orok du hobetzeko gaitasuna, baina egia da, halaber, emakume guztiok ez dugula modu berean garatzen.

Garrantzitsuena da bizitza izeneko bidaia honetan, murgilduta gauden bidaia honetan, jabetzea egoera bat aldatu ezin dugula iruditzen zaigunean, gu geu aldatzeko erronkak bizitza aldatzen digula, hoberako aldatu ere.

Genero eta Osasun Taldearen Artikulua

Noticia anteriorIrakurketa errezeta gisa Pediatriako kontsultetan
Noticia siguienteKirutrack tresnari esker, pazienteekiko harremana hobea da Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean