ISO 9001 arauaren arabera ziurtatutako kalitatea kudeatzeko sistema batek prozesuen jabea zehaztu eta identifikatzen du, baita bete behar dituen prozedurak ere. Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko kanpo kontsultetako eta irudi bidezko tratamenduko prozesuek lortu berri dute.  Ziurtagiria lortzeko, barne-ikuskaritza bat (Kalitate, Berrikuntza, Lan Osasun eta Ingurumen zerbitzuen aurrean) eta kanpo-ikuskaritza bat (DNV enpresaren aurrean) gainditu behar izan dituzte. Prozesu bakoitzeko kudeatzaileek zuzendu dituzte ikuskaritzak: Integrazioko zuzendari Juan Miguel Campayok eta Erradiodiagnostiko Zerbitzuko buru Olivia Rodríguezek. ISO araua eskuratzeko, etengabeko hobekuntzara zuzendutako ziklo bat egin behar da, eta horrekin batera, jarraipen-ikuskaritzak. Horren bidez, kalitatearen kudeaketa une jakin bateko jarduketa ez baizik eta etengabekoa dela ziurtatzen da.

ESIko Zuzendaritzak definitutako prozesuen maparen arabera, ISO ziurtagiriak prozesu gero eta gehiago barne hartzen ditu. 2017an, Kanpoko Kontsultak eta Irudi bidezko Probak eta Tratamenduak. Horrek esan nahi du prozesuak hobetzeko zikloaren parte izatera igaro direla: jardueraren plangintza, prozesuko kudeatzaileak eta zuzendari kudeatzaileak sinatutako Urteko Kudeaketa Planaren bitartez; prozesuaren eta helburuen betetzearen azterketa, jarduera-ildoen abiatzea, eta abar; barne-ikuskaritza, Kalitate Unitatearen aldetik; prozesuaren garapenari buruzko azalpenak emateko eta hurrengo kudeaketa-zikloko ildoak zehazteko Zuzendaritzaren urteko berrikuspen-bilera; kanpo-ikuskaritza, azpikontratatutako enpresa batek egina; hautemandako hobekuntza-eremuen azterketa eta jarraipena.

ISO 9001 ziurtagiria lortzeko prozedura (kanpo-ikuskaritza):

  1. Prozesuaren barne-ikuskaritza. ESIko Kalitate Unitatearen aldetik.
  2. Ziurtapen-ikuskaritza
    Ziurtapen-prozesuak bi zati ditu. Ikuskaritza-taldeak dokumentazioa aztertzen du, kudeaketa-sistemak araua betetzen duen ondorioztatzeko. Geroago, aplikazio praktikoaren eta sistemaren eraginkortasunaren bidez frogatzen da, bisita operatibo batean.
  3. Ziurtagiria ematea
    Ziurtapen-zerbitzua gainditu ondoren, erakundeak ziurtagiria jasotzen du. Horrek arauak bete direla eta kudeaketa-sistema eraginkorra dela erakusten du.
  4. Jarraipen-ikuskaritzak
    Urteroko kontrol-ikuskaritzen bitartez, prozesuak etengabe optimizatzen diren eta ISO 9001 araua betetzen jarraitzen den egiaztatzen da.
  5. Ziurtagiria berritzea
    Ziurtagiria berrituz, hiru urteko epea amaitu baino lehen, erakundeak etengabeko hobekuntza-prozesua modu iraunkorrean sendotzen du eta bai bazkideekiko bai ezeroekiko konpromisoa dokumentatzen du.

Orain, kanpo-ikuskaritzako txostena jasotzeko zain gaude. Txosten horretan, indarguneak, hobetu beharreko alderdiak eta araua zein alderditan ez den bete –halakorik baldin badago– zehazten dira. Ikuskaritza-txostenari erantzuten diogun bezain laster, ziurtagiriak emango dira.

Prozesuen kudeatzaileen iritzia

Olivia Rodriguez:

 «Puntu honetara iristeko, abiapuntua Erradiodiagnostiko Zerbitzuaren prozesu-fitxa egiteko beharraz konbentzituta egotea izan zen. Hori egiteari esker, zerbitzua sakon ezagutzeko, eta hala, bere gabezia guztiez konturatzeko aukera izan dugu.

Egia da zerbitzuak berau osatzen duten pertsonen profesionaltasunari esker funtzionatzen duela eta, egunero, sortzen diren arazo guztiei irtenbideak bilatzen zaizkiela.  Baina askotan horiek ez dira behin betikoak, eragiten duten faktore batzuk bakarrik konpontzen ditugulako. Une honetan, egindako lanarekin, arazoak hobeto identifikatzera iritsi gara.

 Ziurtagiria ateratzeak esan nahi du zerbitzua jarduerari buruzko datu errealak, adierazleak eta kalitate-kontrolak izateko aukera emango digun administrazio/antolaketa eredu batean sartu dela. Hala, arazoak konpontzeko, datuetan oinarritutako neurri zuzentzaileak ezarri ahal izango ditugu, eta geroago, emaitzak baloratu.  Horrez gain, Zuzendaritzari gure proiektuak hobeto oinarrituta aurkezten lagunduko digu.

Beste alde batetik, badakigu geure buruari ezartzen dizkiogun helburuak betetzeko konpromisoa ezartzen digula».

Juan Miguel Campayo:

«ESIko proiektu estrategikoetako bat Prozesuen araberako Kudeaketa da. Zerbitzuen eta unitateen artean gure jarduera modu sistematikoagoan, homogeneoagoan egiten laguntzen digun tresna bat da.

Kanpo Kontsultetako prozesua konplexua da, zerbitzu askotara zuzenduta dagoelako, eta horren ondorioz, ahal den neurrian jarduteko moduak bateratzen ahalegintzea are beharrezkoagoa da.

Prozesua martxan jartzeko, diziplina anitzeko lantalde bat martxan jarri zen. Talde horretan administrazioko, erizaintzako eta medikuntzako hainbat profesionalek parte hartu dute, bai Lehen Mailako Arretakoak bai ospitalekoak. Prozesuaren fitxa egin dugu, Zuzendaritzari aurkeztu zaio oniritzia eman diezaion, eta gainera, bi ikuskaritza egin zaizkio: bata barnekoa eta bestea kanpokoa.

ESIan daukagun edozein prozesutarako garrantzitsuak dira ikuskaritza horiek.  Are garrantzitsuagoak dira, aldiz, martxan jartzen ari diren prozesuetan, haien helmena zein den eta zein egoeratan dauden jakiteko, baita taldetik kanpoko norbaitek adierazleak, prozedura atxikiak, eta abar, egokiak diren edo ez jakiteko hasierako ebaluazioa egin dezan.

Ikuskaritza horiek, zalantzarik gabe, prozesua hobetzen lagunduko digute».