Euskadin azken hamarkadan 2.500 pertsona inguru transplantatu dituzte, eta azken bost urteetan emate-tasa 13 puntutan hazi da.
Euskadin 2017an emate-tasa milioi bat biztanleko 70,3 emaile izatera heldu da, Estatuko batez bestekoaren gainetik, Estatuan milioi bat biztanleko 47 emaile baitaude.
Tasa hori, beti, testuinguru ebolutibo batean kokatu behar da, gutxienez 5 urteko aldiak kontuan hartuz joera hobeto aztertzeko. Zentzu horretan, batez besteko tasa —2000. urteaz geroztik milioi bat pertsonako 40 emailetik gorakoa— azken bost urteetan 13 puntu hazi da, milioi bat biztanleko 53 emaile gaindituz. Hortaz, Osasunaren Mundu Erakundeak optimotzat jotako kopurua gainditzen dugu eta Europan zein mundu mailan buruan kokatzen gara.
2017an erregistratutako datuak aztertuz, asistoliarekin lotutako emate-programak indartu dira, eta ondorioz, mota horretako emaileen kopurua % 29,2n kokatu da, Estatuko batez bestekoaren (% 26) gainetik eta Holanda (% 52,8), Belgika (30,7) edo Erresuma Batua (% 43) bezalako herrialdeen parean, eta munduko asistoliarekin lotutako emateen arloan jarduera handiagoarekin.
Emaileen % 61 istripu zerebrobaskularraren ondorioz hiltzen da, % 12,3 traumatismo kraneoentzefalikoaren ondorioz (% 1,3 trafiko-istripuen ondorioz) eta gainerakoak beste arrazoi batzuengatik.
Beste alderdi azpimarragarri bat da 10 familiatik ia 9 (% 89) ematearen alde agertzen direla, Estatuko tasa baino 5 puntu gorago eta Europako eta Ameriketako kopuruen gainetik nabarmen (% 70-80).