Nekane Murga Osasun sailburuak 2019ko gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du, Bilbon; astelehenean hasten da, urriaren 14an. Datozen sei asteotan, arriskutzat jotzen diren taldeek txertoa hartu ahalko dute, gripearen ondorioz etor daitezkeen konplikazioak prebenitzeko. Osasun Sailak azpimarratu du txertoa gaixotasun horri aurre egiteko prebentzio-neurri nagusia dela; gaixotasunak urritik apirilera bitartean du indarrik gehien

Kanpainaren lema “Txertoa jartzeko unea da eta badakizu” da, eta gaur goizean iragarri da, prentsaurreko batean. Prentsaurrekoan Juanjo Aurrekoetxea Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria eta Enrique Peiró Osakidetzako Osasun Publikoko eta Pazientearen Segurtasuneko Programen koordinatzailea ere izan dira.

Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorako pertsonei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat, baina osasun-langileen kasuan ere hartzea gomendatzen da. Txertaketa-kanpainako helburuak, arrisku-taldeetako pertsonen banakako osasuna babesteaz gainera, osasun kolektiboa babestea ere bada, oinarrizko prebentzio-neurri errazen bidez, besteak beste: behin erabiltzeko zapiak erabiltzea, eskuak sarri garbitzea edo eztul edo doministiku egitean ahoa estaltzea.

Informazio gehiago