Urriaren 9tik 11ra bitartean egin da Bilbon COSTNET2019 bilera zientifikoa. 24 herrialdeko 110 ikerlari bildu dira sareen arloko aurrerapen metodologiko berrien gainean eztabaidatzeko, hiru ikuspegi baliatuta: estatistika, datuen zientzia eta informatika-ingeniaritza.
Diziplina desberdinek lengoaia bera erabiltzen dute eta sareak baliatzen dituzte datuen arteko elkarreragina adierazteko. Horretarako, ezinbestean jakin behar da zein nodo konektatzen diren eta nola, horren araberakoak direlako ezartzen diren konexioak. Esaterako, era baliokidean azter daitezke zelula baten barneko proteina-sareetan edo garuneko neurona-sareetan sortzen diren propietateak. Egiatan, gaur egungo aztergai kliniko, biologiko, epidemiologiko eta soziologiko askoren funtsa sareon egituraren eta funtzioaren «itxurazko» ausazkotasuna ulertzea da.
Datuen sare-analisia 1930eko hamarkadako kontua den arren, azken hamarkadan hartu du garrantzia eremu askotarako sareen modelatze estatistikoak. Bilboko bileraren bitartez, lantaldeen arteko elkarreragina eta elkarlana sustatu nahi da, zenbait arlotan sareekin lan egin eta komunitate bizi eta interkonektatua eratzeko.
Bilboko COSTNET ekitaldiaren tokiko antolatzailea Ikerbasqueko irakasle-ikerlari Jesus Mª Cortes izan da, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutukoa. Ekitaldiaren babesle izan dira COST Europako ekintza, Bizkaiko Biocruces Institutua, Euskampus eta Euskal Herriko Unibertsitatea.
Informazio gehiago, hemen eskura: