EEC ESIko osasun-zentroetan informazioa, tratua, erosotasuna eta laguntzaren antolamendua hobetzeko humanizazio-plan bat egiteko proiektuarekin bat, Ortuellako osasun-zentroko pediatria-eremua berritu da. Hain zuzen ere, eremua zaharberritu da, eta altzariak, kartelak eta dekorazioa aldatu dira.
Hilabeteotan Ortuellako osasun-zentroko pediatria-eremuan egindako obrak direla-eta, 121 m2 baino gehiago zaharberritu dira, honela banatuta: 2 pediatria-kontsulta, 1 erizaintza pediatrikoko kontsulta, 1 balio anitzeko kontsulta eta 1 itxarote-gela.
Espazioak humanitzeko estrategiari jarraitzen dio jarduketak, eta espazio pediatrikoari beste giro bat ematea izan du helburu. Hartara, funtzionalagoa eta erosoagoa izango da haurrentzat eta haien senideentzat, baita profesionalentzat ere.
Pediatria-eremuko –kontsultak, erizaintza-gela eta itxarote-gela– altzari eta dekorazio-objektu guztiak aldatu dira. Itxarote-gelan, bada, espazio bat gaitu da haurrak entretenituago egon daitezen; hots, haur-biniloak jarri dira, eta irakurtzeko gune eta txoko osasungarri (sukalde-jokoa, elikagai-piramidea, elikagai osasungarriei buruzko informazioa, eta abar) bana antolatu dira.
Hobetu nahi izan den espazio honetan, inguruko 900 haur baino gehiago artatzen dira, eta, urtero-urtero, 7.000 kontsulta mediko baino gehiago eta 3.400 erizaintzako kontsulta inguru egiten dira.
Osasun-zentroetako pediatria-eremuen humanizazioa
Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIk osasun-zentroetako pediatria-eremuak humanizatzeko proiektu bat abiarazi zuen, tratua, erosotasuna eta asistentziaren antolamendua hobetzeko. Bada, jarduketa hau proiektu horren barruan dago.
Proiektu horri esker, azken bi urteetan, 125.000 € baino gehiago inbertitu dira Mamariga, Muskiz, Kabiezes eta Ortuellako osasun-zentroetako pediatria-eremuak zaharberritzeko. Beste osasun-zentro batzuetara ere zabalduko da ekimena.