Prebentzioko Oinarrizko Unitateak Prebenkide jarri du profesionalen esku; hots, profesionalaren estamentuaren eta lanpostuaren araberako laneko arriskuak kontsultatzeko tresna bat. ESIko intranetaren homean dago Prebenkide, atal honetan: Profesionalak/Laneko Arriskuen Prebentzioa-Laneko Osasuna/Laneko Arriskuen Prebentzioaren informazioa. Atal horretan bertan, bideoak eta informazio-eskuliburuak kontsulta ditzakete profesionalek.

Laneko arriskuekin lotutako prebentzio-kultura bat sortzen laguntzea da Prebenkideren helburua. Kultura hori ezartzeko eta lanarekin erlazionatutako osasunaren eremuan etengabeko hobekuntzaren bideari ekiteko, bada, erakunde bat osatzen duen pertsona bakoitzak duen prestakuntza eta informazioa hartu behar dira oinarri.

Laneko arriskuen prebentzioko informazio-estrategia ESIko intranetean zer-nola garatu den xehetasunez jakiteko, Iñaki Galíndez zerbitzuburuarekin harremanetan jarri gara.

EECESI: Nolakoa izan da Prebenkide sortzeko prozesua?

IG: Zenbait ebaluazio egin genituen, eta behar bat ikusi genuen: lan-kategoria guztietako eta erakundearen eremu guztietako (osasunekoa nahiz ez-osasunekoa) arriskuak kontsultatzeko tresna bat diseinatu behar genuen.

Gainera, hainbat agertokiri irekitako tresna bat izan behar zuen. Alegia, profesional mediko batek ebakuntza-gelan dituen arriskuak kontsultatzeko aukera eman behar zuen, edo erizain batek lehen mailako arretan dituenak, edo laguntzaileek ospitaleratze-solairuan, edo zeladore batek biltegian, edo administrari batek erabiltzailearentzako arretan, edo sukaldeko, garbitegiko eta mantentze-lanetako langileek dituztenak, eta abar.

Horrez gain, uste genuen erlazionatutako informazioa ere bildu behar duela Prebenkidek; esaterako, bideoak eta dokumentuak.

EECESI: Zertan datza?

IG: Laneko arriskuak lanean dauden arriskuak dira, zer zeregin egiten den eta horiek non egiten diren. Arriskuok gauzatzeko probabilitateak eta eragin dezaketen kaltearen ondorioak ARRISKU MAILA edo larritasuna zehazten dute. Osakidetzaren kasuan, 5 kategoria daude: oso txikia, txikia, moderatua, garrantzitsua eta jasanezina.

Zein lan-taldetakoa zaren, eta identifikatzen zaren postua aurkituta, horri lotutako arriskuak kontsulta ditzakezu (segurtasunekoak, biologikoak, kimikoak, ergonomikoak).

EECESI: Postu bateko baino gehiagoko arriskuak kontsulta al ditzakezu?

IG.:Jakina. Baliteke zure burua fitxa batean baino gehiagotan islatuta ikustea (esaterako: kontsulta, ospitaleratzea eta ebakuntza-gela). Kasu horretan, zure postuko arriskuak horietan guztietan jasotakoen konbinazioa izango dira.

Gainera, zenbait arriskutan maila ez da esplizitua; izan ere, handiagoa edo txikiagoa izango da, zeregina zein den edo non egiten den. Horietan, unitatearen, zerbitzuaren edo bestelakoen arabera zer baloratzen den zehazten da, eta baliteke zure lanpostu zehatzari ez aplikatzea.

Diseinatu eta argitaratu ondoren, langileek informazioaren berri izatea da helburua, bai eta laneko arriskuen prebentzioa kudeaketan aintzat hartu beharreko beste alderdi bat izatea lortzea ere.

EECESI: Eman al duzue urrats gehiago prebentzioaren kultura lortzeko?

IG: Bai. Beste alderdi garrantzitsu bat langileengana egunero iristea lortzea da, eta hor arduradun bakoitzaren rola ezinbestekoa da. Misio hori errazteko, arduradun bakoitzarentzako gida bat egin da, bakoitzaren rola ezagutzen laguntzen duena. Gainera, 2016az geroztik, laneko arriskuen prebentzioaren eta ingurumenaren alderdiak sartzen dira prozesuen berrikuspenetan, eta horrek prebentzio-kultura handiago bat lortzeko bidea hasi du.

Prozesu bakoitzean laneko arriskuen prebentzioko adierazleak adostu dira prozesu ziurtatuen buru guztiekin. Hala, LAPko ezagutza eta erabakiak prozesuen arabera hobeto ezagutzeko balioko duen informazio-sistema bat ezarriko da. Adierazleok hauei buruzko datuak biltzen dituzte: arriskuen ebaluazioa, istripu-tasa, prebentzioko kontsultak eta prozesuan egiteke dauden ekintzak.

PREBENKIDE