Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Sailak Mujeres por África fundazioarekin sinatutako hitzarmenari esker Afrikako hiru ikerlari seniorrek sei hilabeteko egonaldia egin dute gure lurraldeko zenbait ikerketa-zentrotan (BioCruces Bizkaia OII, Kronikgune eta DeustoTech), berdintasunaren, emakumearen eta garapenerako lankidetzaren arloko zeharkako politiken aldeko apustuaren erakusgarri.

Mona Ellaithik (Sudan) Genetikako doktoregoa egin zuen Al-Neelain Unibertsitatean (Sudan) eta Lübeckeko Unibertsitatean (Alemania). Gaur egun, Giza Genetikako laguntzailea da Al-Neelain Unibertsitatean (Khartum), eta Doktoratu ondoko bekaduna Ingeniaritza Genomiko eta Bioteknologiako Nazioarteko Zentroan (Trieste – Italia).

BioCruces Bizkaia OII harrera-zentroan proiektu hau lantzen ari da: «Sexu-garapeneko nahasmenduak (SGN) diagnostikatuta dituzten paziente sudandarrei lotutako ohiko aldagaien detekzioa NGS sekuentziazioaren bidez (Exome eta Panel sekuentziazio-teknologia)».

Ikerketa horretan, SGNri lotuta daudela ezagun diren ia 50 generen panelen sekuentziazioa egiten ari da Ellathi doktorea. Aurkikuntzak SGNren lagin-tamaina handiago batean egiaztatuko dira.

Ellaithi doktorea, nola ezagutu zenuen Mujeres por África proiektua?

Luis Castaño doktorearekin harremanetan jarri nintzen eta nire proiektuaz hitz egin nion, baita beka bat lortzeko aukeraz ere, haren taldearekin bat egiteko. Castaño doktoreak berak hitz egin zidan Mujeres por África fundazioaz.

Zergatik erabaki zenuen deialdi honetara aurkeztea?

Gustatu zitzaidan deialdi hau berariaz izatea Afrikako emakumeoi gure lanbide-karrera garatzen laguntzeko, baita hemen lortutako jakintza jatorri-herrialdeetara eramaten ere, horrela afrikar gehiago trebatu ahal izateko.

Nola izaten ari da BioCruces Bizkaia OIIn egindako lana?

Emankorra izaten ari da BioCruces Bizkaia OIIko lana. Denbora gutxian zenbait teknologia erabiltzen ikasi dut, eta langileak oso atseginak eta laguntzaileak dira. Lankideekin eta zuzenean Castaño irakaslearekin oso eztabaida zientifiko ona ere badut.

Zer lortu nahi duzu zure proiektuaren bidez hemen, BioCruces Bizkaia OIIn?

Hipospadia duen familia batekin lan egiten ari naiz; sexu-garapenaren nahasmenduen (SGN) ezaugarrietako bat da hori. Haren zergatia, ordea, ez da guztiz ulertzen. Familia oso familia bitxia da, eta hipospadia dute haren kide batzuek. BioCruces Bizkaian dagoen teknologia erabiliz aurkikuntza berriak egin ahal izatea espero dut, eta horrela aurrerapauso bat eman ahal izatea SGNak ulertzeko, bai maila pertsonalean bai SGNen arloan.

Zuretzat zeuretzat, nola izaten ari da Bizkaian bizitzeko esperientzia hilotan?

Bilbon bizi naiz, eta metroan joaten naiz Gurutzetaraino (Barakaldo); ez dago bizi naizen tokitik oso urruti, halere. BBK-Talent programara aurkeztu ninduten, eta bizitzeko oso toki atsegina aurkitu zidaten; horrez gain, banku bat aurkitzen ere lagundu zidaten, kontu bat irekitzeko. Bilbo oso hiri ederra da, eta jendea oso adeitsua.

Zerk harritu zaitu gehien Bizkaian?

Probintziako natura ederra da. Baina gehien atsegin dudana jendea da, atsegina eta adeitsua da.

Zer balorazio egiten duzu hemengo egonaldiaz?

Castaño doktorearen taldeak teknologia eguneratua du, eta ikerketa-helburu gehienak erdietsi ahal izan ditut horri esker. Etorkizunean, haren laborategiarekin are elkarlan handiagoa izatea espero dut.

Amaitzeko, Ellaithi doktorea, nola animatuko zenituzke beste emakume zientzialari afrikar batzuk proiektu honetan parte hartzera?

Zalantzarik gabe, programari buruz hitz egingo diet nire lankideei lan-sareen bitartez, eta programan izena ematera animatuko ditut.

Eskerrik asko!

Noticia anteriorGure ESIk praktika asistentzialaren eta klinikoaren egokitasuna hobetzeko ekimenean parte hartzen du
Noticia siguienteHemen da Prebenkide: zure laneko arriskuak kontsultatzeko gida