Gaur egun, 4.000 pazientek baino gehiagok erabiltzen dituzte glukosa etengabe monitorizatzeko Flash gailuak Euskadin. Euskadi, nolanahi ere, gailu horiek I. motako diabetesa duten 18 urtetik beherako pazienteentzat finantzatzen dituen lehen autonomia-erkidegoa da.

Hori jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik, Gipuzkoako Diabetes Elkarteak gaixotasun horri eskainitako Munduko Eguna dela eta gaur Donostian antolatu duen Kongresuaren inaugurazio-hitzaldian.

Sailburuak aurreratu duenez, gailu horren erabilera intsulina-terapia intentsiboen bidezko tratamenduan dauden II. motako pazienteengana zabaltzeko asmoa du orain Osakidetzak.

Emandako hitzaldian, diabetesaren errealitatea ere benetako pandemiatzat  jo  du. Izan ere, mundu osoan hedatuta dagoen gaixotasuna da, eta etengabe ari da hazten, baita Euskadin ere. Hala ere, ondorioei dagokienez (konplikazioek eragindako morbimortalitatea kontuan hartuta), hobetze-zantzuak antzematen hasi dira Euskadin.

Gotzone Sagarduik azpimarratu duenez, prebentzioak funtsezko garrantzia du, eta diabetesaren kasuan bereziki, bizi-ohiturei hertsiki lotuta dagoen patologia baita. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza elikadura osasungarria eta ariketa fisikoa sustatzeko garatzen ari den jarduketa-ildoetan sakontzearen aldeko apustua berretsi du.

Lehentasun estrategiko hori euskal osasun publikoak eskaintzen dituen zerbitzuekin sinkronizatuta dago, bai Lehen Mailako Arretako profesionalek eskaintzen dutenarekin (prebentzioarekin, diagnostiko goiztiarrarekin, tratamenduarekin eta ikuskapenarekin zerikusia duen guztian), bai Endokrinologiako zerbitzuekin (kasurik konplexuenen diagnostikoan eta tratamenduan bereziki), diabetesean hezten duten erizainek pazienteak bere gaixotasuna eraginkortasunez autokudeatu dezan lortzeko garaian betetzen duten zeregina ahaztu gabe.

Osasuneko sailburuak, halaber, elkarteek diabetesa duten pertsonen bizitza hobetzera eta gizarte-sentsibilizazioko ekimenak bultzatzera bideratutako bideak irekitzeko garaian betetzen duten funtsezko zeregina nabarmendu du.