Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak asistentzia hobea eman nahi die pazienteei eta haien familiei ospitalizazio-prozesuan, eta, hori lortzeko, digitalizazio-tresna hori jarri du abian.

Kirutrack programatutako ebakuntza bat egingo dieten pazienteen laguntzaileei ematen zaien informazioa hobetzeko tresna bat da. SMSak bidaliko dira, pazienteen laguntzaileei itxaron-denbora handieneko uneen eta lekualdatzeen berri emateko (helmuga adierazita). Itxaronaldiek sortzen duten antsietatea gutxitzen lagunduko duten mezu neutro eta homogeneizatuak izango dira, modu automatizatuan eta finkatutako aldizkakotasunarekin eta sekuentziarekin. Informazio hori pazienteak onartzeko zerbitzuan aurretik senide edo laguntzaileren baten telefono-zenbakia ematen duten pazienteei soilik emango zaie.

Helburua da laguntzaileek programatutako ebakuntzan jasotako informazioari buruz iritzi hobea izatea, itxaronaldian antsietatea murriztea, itxarongelan dauden pertsonen kopurua murriztea eta programatutako ebakuntzetan informazioa SMS bidez bidaltzeko sistema indartzea.

Ildo horretan, 2.425 pertsonari galdetu zaie zer esperientzia izan duten tresna horrekin. 0 eta 5 arteko eskala batean, oso puntuazio ona lortu da; beraz, Kirutracken baliotasuna berretsi da. Esate baterako, «Kirutrackek hobetzen al du jasotako informazioa?» galderari 4,27ko puntuazioa eman diote; «Murrizten al du antsietatea?» galderari 4,13koa eta mugimendu-askatasuna izateari eta itxarongelan etengabe zain egon behar ez izateari buruzkoan, berriz, 4,32ko puntuazioa eman dute.

2020ko urrian ofizialki abiarazi zenetik, guztira 98.335mezu bidali zaizkie 15.931 pazienteri, eta familiako laguntzaileren baten telefono-zenbakia ematea erabaki dute. Proiektuak harrera ona izan du pazienteen artean, tresna erabil zezaketen 20.324 pazienteetatik 15931k erabili baitute, hau da, pazienteen % 78,39k laguntzaileren baten telefono-zenbakia ematea erabaki dute.

Aldi honetan, 5.222 laguntzaileren inkestaren erantzunak jaso ditugu, tresna etengabe hobetzen lagundu digutenak. Proiektuaren helburuei dagokienez, ahal dugun moduan, adierazleek gainditu egin dute % 75etik gorako balorazio positiboa (4 edo 5) izateko helburua.

Laguntzaile batek Kirutrack tresnari buruzko iritzia eman digu:

Lagundu al dizu programak senidearen interbentzioaren zain zeunden denboran?

Ospitalera sartu bezain pronto eman ziguten egiten genituen urrats guztien berri. Senarra ebakuntza-gelara eraman zutenean ohartu nintzen itxarongelan jasotzen genuen informazioari adi geundela, mugikorra eskutan hartuta. Une oro informatuta geunden, eta lasai atera gintezkeen kalera. Tarteka esaten ziguten ebakuntza aurrera zihoala, eta halako batean esan ziguten amaitzear zeudela eta nora joan behar genuen.

Zer alderdi nabarmenduko zenituzke?

Lehenengo aldiz, lagunduta sentitu naiz ospitale batean, halako itxaronaldi batean, eta eskertzen dien izan duten enpatia. Uste dut informazio-sistema ospitale guztietan egon beharko litzatekeela.

Informazio Triptikoa