Rocío Carrascok hedabideetan egindako adierazpenez eta indarkeria matxista eztabaida publikoan berriz jartzeaz gero, hausnarketa bat egin behar dugu, profesionalok indarkeria jasaten duten emakumeei ematen diegun arretan jokatzen dugun rolari eta daukagun erantzukizunari dagokionez.

Historikoki, isilarazi egin da emakumeen ahotsa eta diskurtsoa, bai eta horren balioa gutxitu ere. Sinesgarritasuna ez da mezuari edo edukiari buruzko iritzi bat, igorleari leporatzen diogun zerbait baizik. Gure kexen arrazoia histeria, labilitate emozionala edo hilerokoa dela esan izan da, edo beste edozein arrazoi zentzugabe.

Hala ere, estereotipo horiek beren horretan jarraitzen dutenez, indarkeria jasaten duten emakumeen kontakizuna zalantzan jartzen da etengabe eta dudazkotzat jotzen dugu elementu tipikoak irudikatzen dituelako (koherentzia eta/edo zehaztasun falta kontakizunean, denbora-jauziak, pentsamenduak antolatzeko zailtasuna, gaizki jositako kontakizuna, hoztasuna edo aldentzea erasoak deskribatzeko garaian, gehiago nabarmentzea “txikikeriak” profesionalak garrantzitsutzat jotzen dituenak baino, eta abar) edo guztiz kontrakoa: zalantzan jartzen dugu dena bikain argudiatuta eta osatuta dagoelako, jakin badakigulako, indarkeriaren biktimek ez dutela horrela hitz egiten. Modu batean zein bestean, emaitza berbera da beti: biktima zalantzan jartzea, eta ez erasotzailea. Erasotzaileei ez zaie kasu handirik egiten; aldiz, iritzien fokua biktimengan dago.

Osasun-arloko profesionalak izanik, gure esku-hartzearen oinarrian dauden lau funtsezko printzipio nabarmendu behar ditugu:

  • Giza eskubideak eta justizia soziala defendatzean, aintzat hartu behar dugu emakumeen eskubideak giza eskubideak direla.
    • Genero-ikuspegia gure eguneroko lanean txertatzea –gure lan-arloa zein den gorabehera– betebehar saihetsezin bat da.
    • Azkenik, gogoratu arreta ez dela inoiz neutrala, oinarrian dauka emakumeak eta gizonak munduan nola kokatzen garen, gure sinesmenetan zer sexismo-maila dagoen, zer genero-estereotipo ditugun barneratuta, eta abar; horregatik, oso garrantzitsua da egoera zaurgarrietan dauden pertsonekin egiten ditugun esku-hartzeetan (batik bat indarkeria jasan duten emakumeekin), gure pribilegioak eta generoaren arabera bereizitako sozializazio propioa aztertzea eta matxismoa eta misoginia saihestea.
    • Pertsonari eta bere baliabide, motibazio eta beharrei buruzko balio-iritziak saihestea. Azken hori bereziki nabarmendu nahi dut; hots, pertsonari buruzko balio-iritziak saihestea. Begirada sozial batetik ezingo ditugu inoiz zalantzan jarri indarkeria jasan duen emakume baten hitzak. Profesional garenez (Gizarte Lanekoak ez ezik, biktimekin lan egiten duten beste lanbide batzuetakoak ere: Psikologia, Zuzenbidea, Medikuntza, eta abar), gure rola haien diskurtsoa aktiboki entzutea da, iritzirik eman gabe. Indarkeria matxista jasan duela dioen emakume baten aurrean, lehen araua da sinestea, gure interpretazioak ez jartzea haren ahoan eta inkoherentetzat edo zalantzatitzat ez jotzea.

Gizarte Lanean ez gara epaileak, entzutearen, gizarte-babesaren, lagun egitearen, informazioaren eta eskubideak bermatzearen profesionalak gara. Kontakizun kontraesanezkoak, anbiguoak eta inkoherenteak entzuten ditugu (ohikoak dira biktima askotan), baina gure lana lagun egitea da, puska horiek koherentziaz josten laguntzea eta emakumeei behar duten babesa ematea.

Emakumeak entzun ditzatela, uler ditzatela eta sinets ditzatela eskatzen ari dira, hori besterik ez. Abiapuntu horretara iristen direnean, kontatzeko behar hori dute, itxi eta bizitzen jarraitzeko. Bizitzea: hain sinplea, baina, indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat, hain zaila.

Generi eta osasun lan-taldea

Noticia anteriorCOVID-19aren pandemian emandako arreta ez-presentzialaren baliagarritasunaren eta harekiko poztasunaren ebaluazioa
Noticia siguienteEuskadik saiakuntza kliniko batean parte hartuko du, astrazenecako lehen dosia jaso duten pertsonengan txertoen konbinazioak zer ondorio dituen ebaluatzeko