Gaur, irailak 24, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak urre kolorez piztu du eskailera, Aspanovasen alde. Horren berri eman digu María José Martínez elkarteko presidenteak:

«Ekimena Childhood Cancer International (CCI) elkarteak eta Minbizidun Haurren Gurasoen Espainiako Federazioak sortu zuten. Aspanovas, Bizkaiko minbizidun haur eta nerabeen gurasoen elkartea, federazioko kide da.

Mundu-mailako kanpaina honen bitartez, haurren minbiziaren inguruan kontzientziatu nahi dugu gizartea, hala, arazoa ez ezik, minbizia duten adingabeak ere ikusgai egiteko. Aurten, gainera, #QueNoSeCuelen kanpainarekin, jarraipena egiteko protokolo bat dagoela aldarrikatu nahi dugu, bizirik ateratzen direnen % 70-90ek ondorioren bat izango baitute gaixotasuna edo tratamendua dela eta, eta horrek beren bizitza okertzea eragingo du.

Proposamen horrekin, ezagutzera eman nahi dugu zer bizi duen bizirik atera den paziente batek gaixotasuna igaro ondoren, bai eta gizartea sentsibilizatu ere. Prozesu hori garaipen moduan ikusi ohi dugu, baina, egia esateko, galdera ugari geratzen dira erantzunik gabe, ikerketa-falta dela eta.

«Piztu itxaropena» kanpainaren zeinua urre koloreko lazo bat da, eta minbizidun adingabe guztiak islatzen ditu. Kolore honen bidez, «haurrek eta nerabeek minbiziaren aurkako borrokan daukaten ausardia ohoratzen dugu, eta itxaropena piztu». Zeinu horri esker, gaixotasunaren irudi bat sortu ahal izan dugu, ezagutzera emateko eta gizartean eragin handiagoa izateko.

Hori dela eta, zazpigarren urtez jarraian, eta bizitzen ari garen gizarte-egoera hain delikatuan, espero dugu gure deialdiarekin bat egitea eta iraila itxaropenaren hilabete bihurtzea».