Bizi osasungarri baterantz ibiliz, gainpisua eta obesitatea saihesteko.

Errepelegako anbulatorioko pediatriako taldeak artatzen dituen haurren gainpisua eta obesitatearen aurkako borroka berezi bat hasi zuen 2020ko azken hiruhilekoan. Borroka hori jokoaren bidez garaitu nahi izan zuten. Praktikan jarri aurretik, erizaintzako eta pediatriako langileek jokoaren ezaugarriei buruzko prestakuntza jaso zuten. Horrela hasi zen Mangolsen bidaia.

Jolas interaktibo bat da, eta 7-14 urte bitarteko haurren gainpisua eta obesitatea prebenitzea du helburu. Gamifikazioaren bidez, bizi-ohitura osasungarriak hartzen dira. Ekimenak teknologia berriak eta erizaintzako eta pediatriako kontsultak uztartzen ditu. Horrela, modu ludiko batean, adingabeek nutrizioari eta autoestimuari buruzko ezagutzak eskuratzen dituzte.

Haurren obesitatea osasun-arazo bat da, eta gero eta gehiago dago. Azken osasun-inkestako datuen arabera, EAEko haurren % 34k dute gainpisua eta obesitatea.

Mangolsen bidaiaren helburuak hauek dira:

  1. Haurren gainpisua eta obesitatea eraginkortasunez tratatzea lortzea.
  2. Emaitza hobeak lortzea, gamifikazioaren eta kontsulta motibazionalaren bidez ezagutzak eskuratuta.
  3. Mundu mailako osasun-arazo bati irtenbide bat ematea.
  4. Profesionalei laguntzeko premia bati irtenbide bat ematea.
  5. Benetako kontsulta-denbora hobetzea, pazienteen bilakaera eta tutoretza monitorizatzeari esker.
  6. Gutxiago bideratzea endokrinologiara eta osasun-gastua murriztea.

Nola funtzionatzen du jokoak?

  • Mangolsen bidaia munduari buelta ematen dion abentura bat da, eta 13 herrialde bisitatzen dira.
  • Bost ezagutza-maila daude, eta horietako bakoitzean izarrak lortu behar dira.
  • Jolasa adingabearen historia digitalean integratuta dago.
  • Profesional sanitarioek bilakaera monitorizatzen dute. Kontsultara joandakoan, hurrengo maila aktibatzen dute, eta ikasitakoa indartzen da.
  • Teknologia berriak aurrez aurreko kontsultekin konbinatzen dira.
  • Adingabeak eta haien familiak paziente aktiboak dira.
  • Elikadurari, ariketari, autoestimuari edo etiketak irakurtzeari buruzko ezagutzak eta estrategiak ematen zaizkie.

Mangolsen bidaiak 2019ko Informatika eta Osasuneko Sari Nazionala lortu zuen. Berrikuntzaren sari bat da, ikaskuntza-prozesuan hezkuntza-gamifikazioa erabiltzean delako eta ohiturak aldatzeko potentziala duelako.

Obesitatearen aurkako euskal estrategiaren barruan kokatzen da jokoa, eta «plater osasungarria» kanpainaren barruan sartzen da.  Martxan jartzeko, Osasun Sailaren, Osakidetzaren eta Informatika Zerbitzuaren arteko konexioa behar izan da.