Proiektu horretan, garaiaurrekoen eta jaioberrien sehaskak identifikatzen dituzte Ospitaleko Arropa Zuriko taldeak jositako letrekin.

Ekimen honen bidez, ospitalizazio beroagoa eta atseginagoa eman nahi zaie familiei, eta haien estresa gutxitu, ingurune atseginago bat eskainiz.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak Samurtasunez josten proiektua jarri du abian. Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Jaioberrien Unitatean ospitaleratuta dauden garaiaurrekoen eta jaioberrien sehaskak modu berezian apaintzeko.

ESIak egindako ekimena Ospitaleko Arropa Zuriko taldearen lanari esker lortu da. Talde horrek alfabetoko hizki bakoitza josi du, amek eta aitek haurraren sehaska modu berezian identifikatu ahal izan dezaten. “Proiektu polita, desberdina eta maitasun handiz egin duguna, letrak ahalik eta ondoen eta politen egiten saiatuz”.

Lan honetarako, Eder Aurre euskal diseinatzaileak emandako oihal-puskak erabili dituzte. Ederrek ez zuen inolako zalantzarik izan proiektu honetan parte hartzerakoan: «Zerbait desberdina, jasangarria, oso interesgarria eta, batez ere, solidarioa iruditu zitzaidan. Guretzako oihal-puska bat besterik ez zena gauza oso garrantzitsu bat izango da guraso batzuentzat, eta oso kuttun izango dute beti».

Bestalde, Susana Tato Ospitaleko Jaioberrien Unitateko gainbegiraleak adierazi duenez, «jaioberri oso garaiaurrekoen familiak hiru eta lau hilabete artean egoten direla unitatean, eta, beraz, haurraren ingurunea pertsonalizatzeak lekua erosoago bihurtzen du haientzat; izan ere, eguneko ordu asko igarotzen dituztela bertan».

Ospitaleko Jaioberrien Unitatea, urtean 400 ospitaleratze inguru dituena, jaioberri gaixoa eta goiztiarra zaintzeaz arduratzen da. Horretarako, 38 sehaska 12 ditu zainketa intentsiboetarako. Unitatea erreferentziazko zentroa da goiztiar handientzat eta EAEtik kanpoko paziente pediatriko konplexuentzat.

Humanizazioa, ESIaren erronka estrategiko bat

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren erronka estrategikoetako bat da osasun-laguntzan humanizazioa sustatzea eta pertsonak ardatz dituen arreta ematea, pazienteen esperientzia hobetzeko eta laguntzaren emaitzetan eragin positiboa izateko.

Alde horretatik, ekimen honen helburua da familiei ospitalizazio beroagoa eta atseginagoa ematea, eta haien estresa gutxitzea, ingurune atseginago bat eskainiz eta sehaska haurraren izenarekin pertsonalizatuz.