Gaixotasunekin lotutako desnutrizioa prebalentzia handiko osasun-arazoa da, eta eragin handia du osasunean. Horregatik, eta, arreta sistematizatzeko helburuarekin, ESIko Erizaintza Zuzendaritza zenbait ekintza egiten ari da ospitaleratzen diren pazienteen artean, ospitaleratuta dagoen pazientearen egoera nutrizionala diagnostikatzeko, desnutrizioa prebenitzeko eta elikadura egokia ezartzeko. Oraingoz, 2. B, 1. A, 3. A, 12., 4. B, 4. D eta 4. E solairuetako zerbitzuetan ezarri da ebaluazioa, eta, pixkanaka-pixkanaka, ospitaleratze-eremu guztietara hedatzea da asmoa.

Pazientea ospitaleratzen denean, haren egoera nutrizionala baloratzen da. Horrez gain, paziente bakoitzaren ezaugarri nutrizionalak baloratzen dira, ahorakinak kontrolatzen dira eta, aldizka, nutrizio-egoeraren ebaluazioa egiten da. Gainera, Lehen Mailako Arretarekin koordinatuta dago ospitalea, alta ematen denean zainketen jarraipena egiten dela bermatzeko.

Aipatu dugun moduan, pazientea ospitaleratu eta lehen 24-48 orduetan, lehen ebaluazioa egiten da, pisua eta CNST probaren (nutrizioa ebaluatzeko Kanadako proba) datuak biltzeko. Proba horrek pisu-galera eta azkenaldian ahorakinak gutxitu diren baloratzen du, hala, pazienteek desnutrizio-arriskua duten ala ez ikusteko.

Emaitzaren arabera, era batean edo bestean jokatuko da. Desnutrizio-arriskua duten pazienteen artean, egunero kontrolatuko dira ahokinak; pisua, berriz, astero kontrolatuko da. Lau egunean pazienteak ez badu pisurik hartu edo galdu, haren mediku arduradunari jakinaraziko zaio.

Desnutrizio-arriskurik ez duten pazienteen kasuan, berriz, astero kontrolatuko da pisua, eta CNST proba nutrizionala ere astero egingo zaie. Eta proban desnutrizio-arriskua detektatuz gero, ezarritako neurriak aplikatuko dira.

Hori guztia aurrera eramateko, bilakaera-orrian erregistroa eginez, pazienteen erantzunaren jarraipena egingo da. Halaber, pazientea arreta-arlo batetik bestera igarotzean, desnutrizio-arriskua edo desnutrizioa badago, egoera nutrizionalaren berri emango da erizaintzako zainketen txostenean.

Gogoan izan behar dugu egoera nutrizionala eskasa denean pazienteek denbora gehiago behar dutela osatzeko, ospitaleko egonaldia luzeagoa dela, behar baino lehenago berrospitaleratzen direnen tasak handitzen direla, infekzio-arriskuak eta morbimortalitateak gora egiten dutela, eta horrek guztiak eragin txarra duela osasun-kostuetan eta pazienteen bizi-kalitatean.