Maite Montejo, Leire Lozano, Ane Calvo eta Adriana Pérez Ortuellako osasun-zentroko erizainek nerabeentzako sexu-hezkuntzako proiektu bat bultzatu dute: zenbait tailer egingo dituzte apirilean, Ortuellako gizarte-zentroan.
Zenbait jardueraren bidez –esaterako, talde-dinamikak, film laburrak, rol-jokoa edo ideia-jasa–, besteak beste alderdi hauek sustatu nahi dira:
• Sexualitateari buruzko autoezagutza.
• Elementu diskriminatzailerik gabeko sexu-identitate bat sendotzea, eta sexualitateari lotutako ohitura, jarrera eta portaera osasungarriak garatzea.
• Jarrera enpatiko eta asertibo bat izatea bikote-harremanetan.
• Bikote-harremanen barruan tratu txarren, abusuen eta elkar ondo ez tratatzearen seinaleak, jarrerak eta portaerak ezagutzea eta bereiztea.
• Babesik gabeko sexu-harremanen arriskuak ezagutzea, nahi ez diren haurduntzak eta/edo sexu bidezko transmisioko infekzioak saihesteko.
• Antisorgailuak eta horien abantailak eta eragozpenak ezagutzea.
• Eta abar.
Tailerrak apirilaren bigarren hamabostalditik aurrera egingo dira eta San Félix ikastolako 4. DBHko ikasleei zuzenduta daude (15-16 urte). Guztira, 40 adingabek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta, bi saiotan; hiru ordu iraungo du bakoitzak. Proiektuaren bultzatzaileek diotenez, «Ez dugu sexologoak egiten duen lana egin nahi; aitzitik, hori osatu egin nahi dugu, eta ikasleei adierazi lagungarri izan gaitezkeela, behar badute».