Gobernu Kontseiluak, gaur, Marian Ibarrondo Unamunzaga Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko zuzendari izendatu du, Gotzone Sagardui Osasuneko sailburuak hala eskatuta.

Marian Ibarrondo 1986an lizentziatu zen Zientzia Biologikoetan, Euskal Herriko Unibertsitatean (UPV/EHU), Zientzien Masterra egin zuen Reading-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) 1986-1987an eta, ondoren, diziplina anitzeko prestakuntza osatzeko, honako master hauek egin zituen: Marketineko Masterra Euskal Herriko Unibertsitatean, Lehiakortasunaren Mikroekonomia Deustuko Unibertsitatean eta Kudeaketa Aurreratua Enpresa Institutuan.

30 urte baino gehiagoko esperientzia du berrikuntzaren eta teknologiaren inguruko nazioarteko proiektuen buru-lanetan. Orain arte “Invest in he Basque Country” ekimenaren arduradun-kargua bete du SPRIn, Euskadiko industria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren erakundean. Aurretik, Bizkaiko Teknologia Parkeko  –berrikuntzaren erreferentea Europan– Berrikuntzako zuzendaria izan zen, eta GAIKER teknologia-zentroko marketineko zuzendaria.

Esperientzia handia du osasun- eta teknologia-proiektuetan; izan ere, Biokabi Bioinkubagailu planaren (Biobasque estrategia. 2005-2013) arduraduna eta 2009-2010 biurtekoan Europako Batzorderako Bioteknologiako eta Osasuneko I+G proiektuen ebaluatzailea izan da.

Marian Ibarrondo Ikerketa eta Berrikuntza Sanitarioko Zuzendaritzaren buru izanik, honako eginkizun hauen ardura izango du, besteak beste: osasunaren arloan ikerketa- eta berrikuntza-politika programatzea, haren lehentasunak zehaztea, I+G+b proiektuak sustatu eta egitea eta Euskadiko sistema sanitarioan ikerketaren, garapenaren eta berrikuntzaren arloan jarduketak zuzendu, koordinatu eta ebaluatzea.