Osasunaren Mundu Erakundeari jarraikiz, gaur, apirilaren 11n, Parkinsonaren Nazioarteko Eguna da, 1817ko apirilaren 11n aurkitu baitzuen James Parkinson neurologo britainiarrak orduan paralisi aztoratzailea deitu zuena; gaur egun «Parkinsonen gaixotasun» izenez ezagutzen dugu gaitza.

Gaixotasun neurodegeneratiboen artean, Alzheimerren gaixotasuna da ohikoena, eta Parkinsonen gaixotasuna dago haren atzetik. Kalte neurologiko larriak eragiten ditu, eta gaixoak, besteak beste, gorputza behar bezala mugitzeko arazoak dituenez, zailtasunak ditu eguneroko jarduerak egiteko.

Dopamina sortzeaz arduratzen diren neuronak endekatzen direnean eta ekoizpena murrizten denean agertzen da gaixotasuna.

Sintomak pixkanaka agertzen dira:  lehenik, gorputzeko zenbait guneri erasaten die gaixotasunak, hala nola eskuei, besoei, hankei eta aurpegiari; gero gorputz osora zabaltzen da, eta moteltasuna, dardara, mugimendu-zurruntasuna eta lokomozio-arazoak eragiten ditu.

Parkinsonen gaixotasunaren inguruko ikerketa da gaixoentzako itxaropenik handiena. Ikerketaren arlo horretan gaixotasunaren kausak aztertzen dira, eta espero da gaitzaren sendabidea aurkitzea etorkizun ez oso urrunean.

Biocruces Bizkaian, ikerketa-taldeetako baten jarduna gaixotasunaren azterketan eta ikerketan zentratuta dago. Oso lan garrantzitsua egiten du taldeak. Juan Carlos Gómez Esteban doktorea da zuzendaria, eta patologia honi buruzko azterlan ugaritan murgilduta dago.

 

Juan Carlos, nola detektatzen da parkinsona? Nola egiten da diagnostikoa?

Gaur egun, diagnostikoa klinikoa da nagusiki, eta zenbait sintoma aurkitzen ditugunean egiten dugu, nagusiki, moteltasuna edo bradizinesia, dardara atseden-egoeran eta zurruntasuna. Zenbait miaketa osagarri lagungarriak izan daitezke diagnostikoa egiteko, baina ez dira inoiz behin betikoak.

 Zeintzuk dira Parkinsonen gaixotasunaren kausak? Gaixotasun hereditarioa da?

Gaur egun, beste gaixotasun neurodegeneratibo batzuen kasuan bezala, ez dakigu parkinson kasu gehienen arrazoia. Kasuen % 8, gutxi gorabehera, genetikarekin lotuta dago; gure ingurunean, LRRK2 genearen mutazioa da kausa genetiko ohikoena. Horrez gain, ikusi da agente infekziosoek (XXI. mende hasierako parkinsonismo postentzefalitikoa), herbizidek (rotenonea, Paraquat…) eta laborategiko drogek ere (MTPP) eragin dituztela Parkinsonen gaixotasun konbentzionaleko kasu bereizezinak.

 Zuen lantaldea gaixotasun honen inguruko ikerketa handi batean dago murgilduta, eta, gainera, Europako proiektu bateko parte da. Azalduko diguzu zertan ari zareten?

Biocruces Bizkaia institutuan egiten dugun ikerketak zenbait alderdi biltzen ditu. Nazioartean, Harvard Unibertsitatearekin elkarlanean ari gara, eta gure helburua da, gaixotasunaren eredu genetikoak erabiliz, hiltzen diren neurona dopaminergikoen lehen alterazioak aztertzea. Europari dagokionez, Europako Batzordeak (H2020) finantzatutako bi proiektutan parte hartzen ari da Biocruces Bizkaia. Proiektu horietako batean, Parkinsonen gaixotasuna dutenak tresna teknologiko berriak baliatuz (Vcare) etxean errehabilitatzeko lan egiten dugu. Beste proiektuan (Gatekeeper), berriz, zenbait gaixotasun –besteak beste, parkinsona– monitorizatzen ditugu, gaixotasunaren bilakaeran aldaketak detektatzen dituzten tresna teknologikoen bitartez. Halaber, ISCIII institutuak eta Osasun Sailak finantzatutako proiektuetan parte hartzen ari gara. Proiektu horietan, besteak beste, erretina, sintoma disautonomikoak edo kognizioa aztertzen ditugu. Baina, zalantzarik gabe, alderdi garrantzitsuenetako bat saiakuntza klinikoak dira; tratamenduaren hainbat alderdi biltzen dituzten gaixotasun honen 10 saiakuntza klinikotan baino gehiagotan parte hartzen ari gara.

 Zenbat paziente tratatzen ari zarete azterlan honetan?

Harvard Unibertsitatearen azterlanean 9 paziente aztertzen ari gara, munduan alfa-sinukleina genearen mutazio-eredu jakin bat duten bakarrak baitira. Paziente horien odol- eta larruazal-laginaren bidez, dopamina eta noradrenalina sortzen dituzten neuronak sortzen ari gara; neuronak kultiboetan lantzeak farmakoak edo gene-terapia probatzeko aukera ematen digu.  Kontsultetan 500 paziente baino gehiago izaten ditugu urtean, eta 1.500 bisita. Horrela, gaixotasunaren bilakaeraren jarraipen zehatza egin dezakegu.

 Nola garatu da ikerketa? Eta zer zailtasun aurkitu dituzue?

Harvard Unibertsitatearen azterlana zaila izan zen hasieran. Kontuan hartu behar da oinarrizko ikerketari buruzko legeak desberdinak direla Ameriketan eta Europan, eta alderdi burokratikoak zailak eta luzeak izan dira. IPSc zeluletatik abiatuta neuronak birprogramatzea zaila da ikuspuntu teknikotik, eta are zailagoa dopamina eta/edo noradrenalina sortzen duten neuronak ekoizten saiatzen bagara, baina une honetan esan dezakegu bi helburuak lortu ditugula Vik Khuranak zuzentzen duen Stem Cell institutuan, Harvard Unibertsitatean. Hortik abiatuta, gure pazienteen neuronetan ikus ditzakegu lehen aldaketa morfologikoak; halaber, substantziak probatu, eta gene-edizioa egin dezakegu, narriadura neuronalaren ibilbidea nola aldatu ikusteko. Espero dugu lehen emaitzak laster ematea ezagutzera, eragin handiko argitalpen batean.

 Nola erabili ahalko dira azterlan horiek epe laburrean? Eta epe luzean?

Epe laburrean, dopamina eta noradrenalina sortzen duten neuronak narriatu aurretik gure pazienteetan detektatutako aurkikuntzak ulertzeko eta azaltzeko balioko digute. Hau da, Parkinsonen gaixotasunaren neurodegenerazioaren hasierako mekanismoak ulertzeko. Bestalde, zelula horien narriadura eragozteko farmakoak eta/edo faktore babesleak testatu ahal izango ditugu. Azkenik, gene-edizioa egin ahal izango dugu, bai eta neuronen mutazioak in vivo zuzendu ere, neuronen biziraupenean nola eragiten duten ikusteko.

 Parkinsonen gaixotasunaren sendabidea aurkitzeko lehen urratsa izan daiteke?

Ziur gaude datozen urteetan zenbait estrategia izango ditugula gaixotasunaren kausak tratatzeko; esate baterako, gene-edizioa, alfa-sinukleinaren kontrako immunoterapia eta terapia neurobabesleak. Horrek guztiak gaixotasunaren bilakaera hobetuko du, baina oso garrantzitsua izango da gaixotasunaren lehen etapetan ematea.

 Zer espero dezakete gaixoek egungo tratamenduekin?

Egungo tratamenduen helburua da dopamina birjartzea garunean, bai zuzenean, bere aitzindariaren bidez (lebodopa), bai zeharka, agonista dopaminergikoekin edo degradazioa inhibitzen duten farmakoekin (IMAO, ICOMT). Etorkizunean ikusiko ditugun terapiek gaixotasunaren bilakaera aldatu nahiko dute, neurodegenerazioa eragiten duten prozesu patologikoetan jardunez. «Sendatzea» ez da hitz egokia, neurokonponketa zientzia-fikzioa baita gaur egun; aitzitik, neurobabesaren helburua da gaixotasunaren bilakaera geldiaraztea, eta horretan ari gara.

 Azkenik, beste ezer gehitu edo nabarmendu nahi duzu?

Bai. Eskerrak eman nahi dizkiet saiakuntza klinikoetan eta ikerketa-proiektuetan parte hartzen duten ehunka pazienteei. Haiei esker, oso aurrerapen garrantzitsuak lortzen ari gara Parkinsonen gaixotasunaren tratamenduan. Bereziki garrantzitsua da SNCA genean mutazio genetikoa duen famili baten lankidetza; mutazio horrek Parkinsonen gaixotasunari buruzko zalantza askoren erantzuna dauka, eta, beraien lankidetza estuari esker, konpondu ahal izango dugu. Azkenik, azpimarratu behar dut, gaixotasun neurodegeneratibo hauetan eta beste batzuetan aurrera egiteko, funtsezkoa dela garuna aztertzea, eta garunak emateko programa bat dagoela martxan, hala, gaixotasun hau hobeto ezagutzeko.

Eskerrik asko, Juan Carlos.

#DíaMundialdelParkinson.