ESIak, Osakidetzarekin sintonian, puntuak «areagotzeko» estrategia bat du. Eskura dauden dosien arabera, areagotu egin dira, txertaketa-gaitasuna eta -erritmoa handitzeko.
Ideia da adinekoak, gertutasun-irizpide bati jarraikiz, beren udalerrietatik gertu dituzten zentroetara joatea txertoa jartzera. Eta 79 urteko edo gutxiagoko pertsonen kasuan, bestelakoa da estrategia; hots, zona edo eskualde berean kontzentratzea biztanleria, irisgarriak diren eta txertoak azkar eta segurtasunez jartzea ahalbidetzen duten toki zentralizatuetan.
Ildo horretan, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIk koordinazio-lanak egin ditu BECen 6. pabilioia EEGko, Barakaldo-Sestaoko eta Uribeko ESIetarako txertaketa-puntu gisa gaitzeko. Apirilaren 3an (larunbata) hasi zen txertaketa, eta 5era arte (astelehena) jarraitu zuen. Guztira, AstraZenecaren 3.600 txerto jarri ziren proba pilotu arrakastatsu batean. Gero, BECek txertaketa masiborako zentro izaten jarraituko du, Euskadik arlo honetan dituen helburuak lortu arte.
BECez gain, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIk honako hauek gaitu ditu txertaketa-puntu gisa: Abantoko, Gallartako, Balmasedako eta Santurtzi-Kabiezeseko osasun-zentroak; Santurtzi-Kabiezeseko, Trapagarango eta Zallako kiroldegiak; Muskizeko eta Balmasedako kultur zentroak; Ortuellako gazte-modulua; Mamarigako kultur gunea; Sodupeko udal-pilotalekua eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea.