Hematologia eta Hemoterapia Zerbitzuak informazio-liburuxka bat egin du odol periferikoko progenitore hematopoietikoen transplante autologo (PHTA) bat jasoko duten pertsonen zalantzak argitzeko.

Alicia Posada ilustratzailea arduratu da liburuxkaren diseinuaz –hori hark egindako dohaintza izan da–, eta Juan José Mateos eta Laura Posada Hematologia eta Hemoterapia zerbitzuko medikuen esanetan, «landu den material hori pazienteei kontatu nahi dieguna azaltzeko formaturik onena da eta kontsulta asko erraztuko digu, kronologikoki azaltzeko diseinatuta baitago. Uste dugu pazienteek hobeto ulertuko dutela horrela prozedura.

Informazio-material hori egiteko premia sortu zen; izan ere, konturatu ginen paziente askok, transplantea egitera ospitalera etortzen zirenean, ez zutela ulertu kontsultan zer kontatu genien; hori dela eta, haiei informazioa helarazteko modu oinarrizko eta erraz bat pentsatu genuen, edozein unetan irakur zezaketena eta prozedura modu ordenatuagoan azaltzeko aukera emango ziguna».

Prozedura terapeutiko bat da PHTA. Haren bidez, kimioterapia bat ematen da dosi handitan, gaitzak erasandako zelulak desagerrarazteko. Terapia egokia da batez ere tumore-gaitz hematologikoak tratatzeko, hala nola mieloma anizkoitza, ez-Hodgkin linfomak, leuzemia mieloide akutuak eta Hodgkin-en gaixotasuna –paziente batzuetan–. Era berean, erabiltzen da minbizi germinaletan eta tumore solido pediatrikoetan, hala nola Wilmsen tumorea dagoen kasuetan. Bigarren lerroko tratamendua da patologia horietako askotan, hau da, kimioterapiako lehenengo lerroko tratamendua dela-eta berriro gaixotu edota aurrera egin denean aplikatzen da. Halaber, badira tratamendu hori gaixotasun autoimmuneetan erabiltzeko saiakuntza klinikoak.

Hematologia eta Hemoterapiako zerbitzuak ehun kontsulta baino gehiago artatzen ditu urtean. Kasuen erdiak baino gehiago mieloma anizkoitza duten pazienteak dira, % 25 ez-Hodgkin linfoma dutenak eta gainerakoak, leuzemia mieloide akutua eta Hodgkin-en gaixotasuna dutenak.

«Kontsulta monografiko bat da, eta erkidegoko zenbait zentrotatik bideratutako pazienteak etortzen dira. Pazienteek, batez ere, ez dute ulertzen zertan datzan transplantea; uste dute interbentzio kirurgikoa egin behar dela edo hezur-muina ziztada baten bidez atera behar dietela. Gainera, ez dakite prozedurak bi fase behar dituela: lehena, aferesia edo progenitoreen bilketa, eta, ondoren, bigarrena, alegia, transplantea bera. Bigarren fase horri dagokionez, pazienteak harritu egiten dira orain arte jaso dutena baino pixka bat ‘gogorragoa’ den kimioterapia bat hartuko dutela eta ospitalean hilabete inguru egon beharko dutela esaten diegunean», azaldu du Juan José Mateos doktoreak.

Progenitore hematopoietikoen transplante autologoa 

Noticia anteriorParkinsonaren Nazioarteko Egunean, Biocruces Bizkaiak ikusgarritasun handiagoa eman nahi die gaixotasun hau duten pertsonei
Noticia siguienteCOVID-19aren pandemian emandako arreta ez-presentzialaren baliagarritasunaren eta harekiko poztasunaren ebaluazioa