Egun honek bi helburu ditu. Batetik, eskertzea ama emaileen altruismoa; protagonista nagusiak baitira beren haurtxoekin ez ezik, behar duten beste batzuekin ere esnea partekatuz bizitzak salbatzen dituztelako. Bigarren xedea, hau ere ezin garrantzitsuagoa, da jakinaraztea eta azaltzea esnea emateak jaioberri gaixoei eta goiztiarrei eragiten dizkien onurak, dohaintzak sustatze aldera.

2017an abiarazi zen ospitaleko Esne Bankuko harrera-gunea eta erizaintzako kontsulta, emaile izan nahi duten emakumeei erantzuteko. Kontsultak goizeko ordutegian dago zabalik astelehenetik ostiralera, eta María García Franco neonatologiako unitateko erizaina da zerbitzuburua. Harrera-gune eta erizaintzako kontsulta honetara Euskadiko Esne Bankuak bideratzen ditu emakumeak, inguruan bizi eta esnea gure ospitalean eman nahi dutela erabakitzen badute.

2021ean 113 ama hautatu zituzten, 26 gure ospitalean, eta bankuak 385 litro esne jaso zituen. Gure ospitalean 14 hartzaile izan ziren eta 122 guztira, Euskadiko ospitaleetan.
Garrantzitsua da jakitea bizimodu osasungarria duen edozein emakume osasuntsu izan daitekeela esne-emaile, bere haurtxoari bularra arazorik gabe ematen ari bazaio eta umea azken hiru aste eta sei hilabeteren artean jaio bada.

Ospitaleko harrera-gunean eta erizaintzako kontsultan, erizainak galdetegi bat osatzen lagunduko dio emaileari, haren bizimoduaz eta aurrekari medikoez gehiago jakiteko asmoz. Bisita horretan bertan, odola aterako zaio esne-emaileari, gaixotasun kutsakorrik ez duela bermatzeko, eta baimen informatu bat sinatzeko eskatuko zaio. Hortik aurrera, emakumeak esne emateko behar duen material guztia jasoko du inolako kosturik gabe, eta horretarako behar duen informazio guztia emango zaio.

Ama esnearen bankuak 8.930 biberoi eman dizkie haur goiztiarrei 4 urtetan

Lau urte baino gehiagoko ibilbidean, 2017an sortu zenetik, Euskadiko Ama Esnearen Bankuak (BLME) bere jarduera eta edoskitze naturalaren aldeko laguntza sendotu ditu. Horrela, euskal ospitaleen eskaria estaltzen du, behar duten haur guztiek, medikuaren aginduz betiere, nutrizio aldetik aparteko balioa duen elikagai hori jaso dezaten.

Hasieratik gaur arte 360 amaren dohaintza jaso du: haietatik 187 Bizkaian, 92 Gipuzkoan eta 79 Araban. Guztira, 1.583 litro ama-esne jaso da, eta 8.930 biberoi prestatu dira esne horrekin. Horri esker, Neonatologia Unitateen beharrak estali ahal izan dira uneoro.

2022. urteko lehen hiruhilekoan bakarrik, 14 emaile berri izan ditu euskal bankuak; 118,5 litro esne eman dituzte behar izan duten jaioberriak elikatzeko.

Bihar, maiatzak 19, Ama Esnea Dohaintzan emateko Munduko Eguna dela-eta, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak publikoki adierazi nahi izan die eskerrak ama emaileei: “Harro egoteko modukoa da hain emakume altruistak eta solidarioak eduki ahal izatea, beren denbora eta ahalegina ematen dutenak behar duten haurtxoei laguntzeko, Banku honen bidez”, eta gaineratu du “hori posible egiten duten profesionalei ere luzatu nahi diet aintzatespen hau, bai Banku honetako langileei, bai emaginei eta erizainei ere”.

Euskadiko Ama Esnearen Bankuak amagandiko edoskitzea bermatzen die haur goiztiar-goiztiarrei (kilo bat eta erdi baino gutxiagoko haurrei) edo 32 aste baino lehenago jaio direnei, ez baitute horretarako aukerarik. Garrantzi handiko laguntza da; izan ere, ebidentzia zientifiko batzuen arabera, ama-esneak enterokolitis nekronizatzailea prebenitzen du, jaioberrien heriotza eragin dezakeen gaixotasun bat.

Hain zuzen ere, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), UNICEFek eta haurren zaintzan diharduten elkarte zientifikoek bizitzako lehen sei hilabeteetan haurrak bularra emanez soilik elikatzea gomendatzen dute eta, beste elikagai batzuekin batera, bi urtera arte edo amak eta semeak edo alabak nahi duten arte. Halakorik ez dagoenean, giza esnea da aukerarik onena.

Gaur egun, hamar gune daude gaituta ama-esnearen dohaintzak jasotzeko:

  • Gurutzeta UO
  • Txagorritxu – Arabako UO
  • Donostia UO
  • Urduliz Ospitalea
  • Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa (TGE-EZ) Galdakaon
  • TGE-EZ egoitza Durangon: Durangoko anbulatorioa
  • TGE-EZ egoitza Gasteizen: Olaguibel anbulatorioa 4. solairua (Gasteiz)
  • TGE-EZ egoitza Donostian: Manuel Lekuona, 1 behea (Donostia)
  • TGE-EZ egoitza Bilbon: Etxaniz Suhiltzailearen anbulatorioa (Bilbo)
  • Arrasateko anbulatorioa

Emaile izan daiteke edozein emakume osasuntsu, aurreko hiru aste eta sei hilabete bitartean ama izan dena eta haurrari bularra ematen ari dena zailtasunik gabe. Informazio gehiago jaso nahi izanez gero jarri harremanetan Euskadiko Ama Esnearen Bankuarekin, posta elektronikoaren bidez, bancolecheeuskadi@osakidetza.eus, edo pediatrari, erizaintzako profesionalari edo emaginari kontsultatuta

Ama-esnea emateari buruzko informazio gehiago