Lehendik dagoen espazio bat birdiseinatu da: elementu berritzaileagoak jarri dira, eta diseinu gizatiarragoa eta moldakorragoa egin

Birdiseinu berriak funtzio anitzeko espazio bat eskaintzen du, asistentzia-eremu bat eta jolaserako eta entretenimendurako beste bat dituena.

Pandemia-garaian, ESIa lanean aritu da ospitaleratutako haur eta nerabeei zuzendutako aisialdiko eta entretenimenduko jardueren eredua birpentsatzeko, eta emaitza Scape Gela programa izan da.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak humanizazio-estrategian aurrera egiten jarraitzen du; oraingoan, Pediatriako eguneko ospitaleko espazioak hobetu ditu. ESIak oso gogoan du erreferentziako zentro sanitario bat dela gure erkidegoko eta erkidego mugakideetako haurrek eta nerabeek pairatzen dituzten gaitzei dagokienez, eta ospitalean tratamendua jasotzeko ematen duten denbora ahalik eta samurrena eta atseginena izan behar dela.

Hori kontuan hartuta, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIak eta IKEAk bat egin zuten duela bost urte, ospitaleko pediatria-eremuak humanizatzeko. Horrela, espazio atseginagoak sortuko dira haur eta nerabeentzat eta haien familientzat, Pediatria Zerbitzuan egunero dauden pertsonen arteko komunikazioa eta harreman arretatsuak erraztuko dira, eta arreta profesionala, gizatiarra eta hurbilekoa eman.

Eguneko ospitale pediatrikoa

Eguneko ospitalea berritzeko prozesuan, IKEAk erabilera anitzeko irtenbide bat sortu du, laguntza-eremu bat eta jolaserako eta entretenimendurako gune bat barne hartzen dituena. Gainera, altzariek espazioa optimizatzen laguntzen dute, eta artatutako pertsonen eta langile sanitarioen eguneroko beharrei erantzuten diete. Pediatriako eguneko ospitaleak kontsulta mediko independentea, bi ohe, hiru besaulki, Erizaintza Unitatea eta itxarongela ditu. María Luz Marqués González ESIko zuzendari gerenteak baieztatu duenez: «Ospitaleko egonaldia normalizatu eta humanizatu nahi duen espazio bat da, umeen eta haien familien ongizatea hobetu ez ezik, ospitaleak adingabearen egunerokoan duen eragin negatiboa ere murrizten baitu». Era berean, espazioaren berritzeak eremuko argiztapen ona nabarmendu du: leihate handiak Gurutzetako plazara begira, led argiak eta beirateak.

David Cajal IKEA Barakaldoko zuzendariaren arabera: «Langile sanitarioen lana miresten dugu, gizartean inoiz baino eragin handiagoa baitu, eta harro gaude Gurutzetako pediatria-eremuak humanizatzeko proiektu hau posible egiten laguntzeaz».

Scape Gela programa

Pandemia-garaian ezin izan ziren egin espazio horretan egiten ziren jarduera ludikoak, ESIa eredua birpentsatzeko lanean aritu da, aurrez aurreko jarduerak online jarduerekin konbinatuz, eta emaitza Scape Gela programa izan da. Ospitaleratutako haur eta nerabeen aisialdirako eta entretenimendurako ekimen bat da. Helburutzat du parte-hartzea sustatzea, aisiarako aukerak eskaintzea eta garapen osoa laguntzen duten balioak bultzatzea, jolasaren bitartez eta askotariko jarduerak eginez.

Askotariko jarduerak egiten dira espazio honetan; besteak beste, jolas sinbolikoak eta hezitzaileak, irakurketa, mahai-jokoak, mozorroak, eskulanak, teknologia berrien erabilera eta irrati-tailerra (azken horretan, euren irratsaioa egiteko aukera izango dute haurrek eta nerabeek).

Jarduera horiek guztiak jolasteko eta ikasteko prestatuta daude, eta, horri esker, haurrak, nerabeak eta euren familiak hobeto egokituko dira egoerara, eta errazago egingo dute aurrera prozesu terapeutikoan.

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren eta IKEAren arteko lankidetza

Beste behin, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIaren eta Osakidetzaren erronka pazientea aintzat hartzea izan da, humanizazioan aurrerapausoak emateko, eta, IKEAk egin duen apustuarekin batera, posible izan da bi erakundeen arteko elkarlana, zeina espazio honen birdiseinuan gauzatu den.

Berritze hori ESIak eta IKEAk azken urteotan Pediatria Zerbitzuan gauzatutako hauei gehitzen zaie: Haurren Onkologia, Bularreko Haurren Unitatea, Zainketa Intentsibo Pediatrikoak, Pediatriako Kanpoko Kontsultak, Jaioberrien Unitatea, haurrentzako gimnasioa eta Pediatria Unitateko 5. solairua; eta, helduen eremuan, hauei: Endokrinologia eta Onkohematologia.