Gaur, azaroak 14, Diabetesaren Mundu Eguna ospatzen da, gaixotasun hori, Euskadin, Estatuko eta Europako gainerako lekuetan bezala –herritarren ezaugarri demografikoak eta bizi-estiloko aldaketak kontuan hartuta–, areagotu egin da, baina prebalentzia Estatuko batez bestekoa baino txikiagoa da eta beste autonomia-erkidego batzuetakoa baino askoz ere txikiagoa.
Osakidetzako profesionalek egindako eta Eusko Jaurlaritzak osorik finantzatutako ikerketa-azterlan baten arabera, mellitus diabetesaren prebalentzia Euskadin 18 urtetik gorakoetan % 10,6koa da. Espainian, metodologia berarekin eta helburu berarekin egindako azterlanetan ikusi zen prebalentzia % 13,8koa dela eta, Andaluzian, esaterako, % 16,3koa.
Gaixotasun kronikoetarako garatzen ari diren osasun-politikekin bat etorriz, Diabetesaren Nazioarteko Federazioak proposatutako leloak aurten ere pazientea du erdigune, hain zuzen, pazientea eta bere familia.