Osasuneko sailburu Jon Darpónek parte hartu du bularreko minbiziak jotako emakumeen elkarteak (Katxalin) Donostian antolatutako prentsaurrekoan, gaur, urriak 19, izango den bularreko minbiziaren Munduko Eguna dela eta. Ekitaldi horretan, eraginpeko elkarte guztiak eta euren inguruko hurbilekoenak zoriondu ditu egiten duten lan garrantzitsu eta beharrezkoagatik.
Prentsaurrekoan, Osasuneko sailburuak nabarmendu du Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren (BMGDP) garrantzia. Izan ere, lagundu egin du, berdintasun-baldintzetan eta diziplina anitzeko arreta integralaren ereduari jarraituz, eraginpeko emakumeen hilkortasuna murrizten eta bizi-kalitatea hobetzen.
Osasuneko sailburuak azaldu duenez, bularreko minbiziarekiko biziraupena gero eta handiagoa da. Bularreko minbiziarekiko biziraupenaren bilakaerari buruzko Minbiziaren Erregistroko azken datuek erakusten dutenez, 2000-2012 aldian, bularreko minbizia duten emakume guztientzako biziraupena igotzen joan da. Hala, % 83,4tik (2000-2004 aldian) % 86ra pasatu da 2010-2012 aldian. Biziraupena hobetu egin da adin tarte guztietan, nabarmenki 50 eta 69 urte bitarteko emakumeen artean (3,6 puntu). Zehazki, hori da Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programaren helburua.
Era berean, adierazi du emakumeengan gaixotasunaren eragina gutxitu egin dela, tratamendu pertsonalizatuagoak jasotzen dituztelako, eraginkorragoak eta ez hain erasokorrak. Hala, aukera diagnostiko-terapeutiko hoberena eskaintzen da eta asistentzia-baliabideen arteko koordinazioa errazten da. % 82,8k, jadanik, bularraren tratamendu kontserbatzailea jasotzen dute.
Euskal Autonomia Erkidegoan Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa, jardunean daramatzan 22 urteetan, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren laguntza eta konpromisoarekin, barne hartzen joan da asistentzia-baliabide gehiago eta aurrerapen garrantzitsuak prozesuaren fase guztietan, bai bahetze-fasean, bai diagnostikoa eta tratamendua baieztatzeko fasean. Horrek guztiak hobekuntza eta kalitate handiagoa ekarri ditu berekin.