Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gibeleko Transplanteko taldeko Mikel Gastaca eta Javier Bustamante-Schneider doktoreek parte hartu dute, egilekide gisa, covid-19ak gibeleko transplantea egin zaien pazienteengan duen eredu epidemiologikoari, intzidentziari eta emaitzei buruzko prospekzio-azterlan batean. Lan hori berriki argitaratu da Journal of Hepatology aldizkarian, zeinak ospe handienetakoa baitu espezialitate horretan.

Gibeleko transplantea egin zaien eta covid-19a diagnostikatu dieten pazienteen bilakaera, eredu hori eta ezaugarri klinikoak aztertzea eta biztanleria orokorrean ikusitakoekin alderatzea da azterlan horren helburua. Prospekzio-azterlan nazional hori Gibeleko Transplantearen Espainiako Elkarteak (SETH) bultzatu zuen eta 2020ko otsailaren 28an covid-19ak Espainian agerraldia egin ondoren abiarazi zen.

Halako ezaugarriak izaki Europan egiten den lehen azterlana da, eta covid-19ko infekzioak gibeleko transplantea egin zaien pertsonengan duen bilakaera-eredua deskribatzen du. Paziente horien immunoezabatzeari aurre egiteko ebidentzia garrantzitsuak eman ditu.

Gibeleko transplantea egin zaien pazienteei buruz, zera ondoriozta genezake, kronikoki immunodeprimituta daudenez eta komorbilitate handiagoak dituztenez, aukera gehiago dituztela covid-19a garatzeko agerraldi-egoera batean, eta, horrenbestez, hobetu egin behar direla halako pazienteen gizarte-urruntzea eta gainerako prebentzio-neurriak. Alabaina, halako pazienteen heriotza-tasak txikiagoak izan ziren adinaren eta sexuaren arabera parekatutako populazio orokorrean ikusitakoak baino, eta horrek aditzera ematen du immunoezabatze kronikoak nolabaiteko babes-eragina izan dezakeela covid-19aren forma larrienen aurka.

Artikulu osorako sarbidea