Kerik gabeko gelak LH6 eskolan tabakismoa prebenitzeko ekimena da, Ezkerraldea Enkarterri Cruces Erakunde Sanitario Integratuak (Osakidetza) eta Osasun Sailak garatua, Hezkuntza Sailarekin eta Prebentzioko udal zerbitzuekin elkarlanean. Zenbait esku-hartze komunitario gauzatu dira erakunde eta gizarte eragile ezberdinekin, eta azken lau urteotan, 3000 ikasle baino gehiagok hartu dute parte programan.
Hortaz, Kerik gabeko gelak programaren helburuak dira tabakoa erretzen hasteko adina atzeratzea, erretzeari uztea bultzatzea, tabakismoaren desnormalizazioa eta tabakorik gabeko bizimoduaren inguruko sormen-ekintzak sustatzea. Egitasmoa lehen hezkuntzako 6. mailako ikasleei zuzentzen zaie.
Kerik gabeko gelak programak laguntza ematen die gazteei beren bizitzako etapa garrantzitsu batean erabaki osasungarri eta seguruak hartzen.
Azken urteotan, erretzen ez dutela dioten Euskal Autonomia Erkidegoko 12 eta 19 urte bitarteko ikasleen kopurua %51,4-tik %67,9-ra igaro da, eta tabakoa erretzen hasteko batez besteko adina 17 urtekoa da. (Euskadi eta Drogak azken txostena).
Ikasturtean, tabakoaren inguruko hainbat hezkuntza-jarduera gauzatu behar dute ikasleek, bai gela barruan bai etxean, nor bere familiarekin. Gainera, irakaslearen parte hartzea ere nahitaezkoa da, berari baitagokio ikasleak lagundu eta motibatu, solidarioak eta kohesionatuak sentitzeko eta tabako-industriaren interesen aurrean jarrera kritikoa indartzeko; azken batean, jabe daitezen erretzea ez dela “normala”, kaltegarria baizik.
Programa amaitutakoan, lehiaketa bat antolatzen da LH 6. mailako ikasleen artean. Aurtengo zeregina izan da tabakoaren kontsumoa prebenitzeko mezua lelo eta marrazki baten bidez islatzea.
Mikel Torres Portugaleteko alkateak aurtengo edizioan saritutako ikasleen lana goraipatu du.
Portugalete, Santurtzi, Ortuella, Trapagaran, Gallarta, Muskiz eta Balmasedako udalek eta Enkarterrietako Mankomunitateak parte hartu dute.
Sariak
Portugaleteko saria Maestro Zubeldia Ikastetxeak irabazi du.
Balmasedako saria Mendia Ikastetxe Publikoak irabazi du.
Abantoko saria El Casal Ikastetxe Publikoak irabazi du.
Ortuellako saria San Felix Ikastetxeak irabazi du.
Muskizko saria Cantarrana Eskolak irabazi du.
Trapagarango saria Franciscanas de Montpellier Ikastetxeak irabazi du.
Enkarterrietako Mankomunitateko saria Zallako Maristas Ikastetxeak irabazi du.
Eta eskualdeko saria Italia Berlanga Diegok irabazi du, Portugaleteko Gabriel Celaya Ikastetxe Publikoko 6.B mailako ikaslea.