Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur inauguratu du eraikin berria, euskal gizarteko politika, ekonomia, zientzia-teknika eta hezkuntzaren munduko eragilez lagunduta

Eraikin berriari esker, lurraldeko ikerketa berregituratuko da; hala, aurrerantzean Biocruces Bizkaia Ikerketa Institutua deituko da eta Bilbao-Basurtu eta Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIetako eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko ikerketa-jarduerak bateratuko ditu

Iñigo Urkullu lehendakariak lurralde historikoko osasun-ikerketa publikorako eraikin berria inauguratu du gaur, Biocruces Bizkaia Osasun Ikerketa Institutua deiturikoa (lehen, Biocruces). Euskal Autonomia Erkidegoko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Planean (ZTBP) eta 2020rako Ikerketa eta Berrikuntzarako Estrategian definitutako estrategiekin lerrokatuta, ekipamendu berriak Bilbao-Basurtu ESIko, Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko eta Bizkaiko Osasun Mentaleko Sareko ikerketa-jarduerak bateratuko ditu.

Eraikin berria, Biocruces Bizkaia izenekoa, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko ospitale-barrutian kokatuta dago. Guztira, 6.131 m2-ko azalera eraikia dauka, soto, erdisoto, beheko solairu eta beste lau solairutan banatuta. Eraikina egiteko 20 milioi euro inguruko inbertsioa egin da, eta horretarako, Europako funtsen eta Carlos III.a Osasun Institutuaren laguntza jaso da.

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak honako hau adierazi du: «Eraikin moderno hau euskal ikerketa-komunitateak duen ahalmen gero eta handiagoaren adierazlea da. Euskadiko osasun-sistema publikoak ikerketaren eta berrikuntzaren alde egindako apustuaren ikurra».

Lanak 2015eko urrian hasi ziren eta aurreikusitako epean bukatu dira, 2017. urtearen amaieran. Geroztik, eraikin berria teknologia modernoenaz eta beharrezko baliabide guztiez hornitu da, 800 inguru ikerlariei beren ikerketa-lana modu lehiakorrean egin ahal izateko beharrezko tresnak emateko. Mikroskopia Fokukideko plataformak, Zitometria, zelula-kultiboak egiteko eremuak, analisi genetikoak egiteko azpiegitura berriak, etab.

Solairu eta fatxadei dagokionez, irtenbidea –Institutuaren Plan Funtzionalarekin bat dator– honako hau da:

  • Sotoa: animaliategi-plataforma eta animaliekin esperimentuak egiteko unitatea.
  • Erdisotoa: deskargatzeko nasa, animalien estabulazio-eremua, eremu kirurgikoa, kriokontserbaziorako eremua.
  • Beheko solairua: sarrera, zuzendaritzako eta kudeaketako eremuak.
  • Lehenengo solairua: zelula-kultiboetarako plataforma, fluxu-zitometria eta mikroskopia, laborategiak eta hozte-gelak.
  • Bigarren eta hirugarren solairuak: kudeaketako eremuak, laborategiak eta hozte-gelak.
  • Laugarren solairua: kudeaketa-eremuak, bilera-gelak, jantokia, eta atsedenguneak.

Informazio Gehiago

Noticia anteriorKerik gabeko gelak programaren sari-banaketa. Osasun Sailak eta ESIak garatu dute egitasmoa
Noticia siguienteSERAMen Kongresuan merituaren ziurtagiria eman diote 3D inprimaketari buruzko komunikazio bati