Aurten, Ezkerraldea Enkarterri Gurutzeta ESIk eta Barkaldo – Sestao ESIk abian jarri dute «Bronquiolitis, menos es más. Bronkiolitisa, gutxiago gehiago da» kanpaina. Helburua bronkiolitis-kasuetan farmakoen erabilera murriztea da. Kanpaina azaroan hasi da, bai Lehen Mailako Arretan bai ospitaleetako larrialdietan; funtsean, prestakuntzarako eta informatzeko saioak izango dira, bronkiolitisaren diagnostikorako eta tratamendurako protokoloa banatuko da, baita kanpainaren goiburua gogoraraziko duten posterrak, kontsultetan jartzeko, eta txapak ere, pediatren eta mediku egoiliarren mantalean edo pijametan jartzeko. Gainera, pediatrei informazioa emango zaie aldian behin, haien zentroan bronkiolitiserako agindu diren farmakoen ehunekoei buruz eta, modu anonimoan, haien ESIko gainerako zentroetan agindu direnei buruz.

Bronkiolitis akutua da ospitaleratzeko kausa nagusia pediatrian. Gaixotasun horrek 2 urtetik beherako haurrei eragiten die. Arnasbideetako infekzio bat da, eta, nagusiki, arnas-birus sintzitialak eragiten du. Arnasbide guztiaren inflamazioa eragiten du, bereziki bronkioloena. Ohiko sintomak arnasa hartzeko zailtasuna, sukarra eta beste arnas sintoma batzuk dira; maila desberdinean, eta, batez beste, 15 egun irauten dute.

Tratamendua laguntzakoa da: sekrezioak xurgatuz, bularreko haurraren elikadura errazten da; kasu larrienetan, oxigenatzeko eta aireztatzeko laguntza-neurriak ere erabiltzen dira. Ez dago ebidentziarik farmako bronkio-zabaltzaileek, kortikoideek edo antibiotikoek sintomak hobetzen edo gaixotasunaren bilakaeran ondorio onuragarriak dituzten; hala ere, maiz agintzen dituzte, bai ospitaleetan bai Lehen Mailako Arretan.

Jakina da ezagutza eta bronkiolitisari buruzko jardute-gidak zabaltze hutsa ez direla nahikoa gaixotasun horren praktika klinikoan aldaketa eragiteko. Dena dela, prestakuntza- eta informazio-neurriak eta tokian-tokian gogoraraztea eraginkor gertatu dira profesionalei jardunbide egokiak aplikatzen laguntzeko.

Iaz, bi ESI horietan bronkiolitis-epidemian esperientzia pilotu bat egin zen, eta Lehen Mailako Arretan, bronkiolitis-kasuetan, farmakoen erabilera % 20 jaitsi zen, oro har. Espero dugu oraingo kanpaina hau lagungarria izatea joera horrek aurrera jarrai dezan, eta gaixotasunaren diagnostikoan eta tratamenduan jardunbide egokietara hurbildu gaitzan.

Noticia anteriorESI-k 11 ibilgailu berri eskuratu ditu eta CO2 isuriak % 77 murriztea lortuko du horrela
Noticia siguienteOspitaleko Pediatriako Irakaskuntza Unitate Multiprofesionalaren akreditazioa