Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak Irakaskuntza Unitate Multiprofesionala (IUM) akreditatzea lortu du. Horren bidez, Pediatriako espezialistak prestatzeko 10 plaza eta Erizaintza Pediatrikoko espezialistak prestatzeko 8 plaza akreditatu dira.

Irakaskuntza-unitate multiprofesionalek (IUM) aukera ematen dute asistentzia-arloak partekatzen dituzten espezialitateak irakaskuntza-unitate berean prestatzeko, nahiz eta sarbidea izateko unibertsitate-titulu ezberdina izan. Pediatriako espezialitatearen kasuan, IUMek Pediatriako eta barne hartzen dituen arlo espezifikoetako mediku espezialistak eta Erizaintza Pediatrikoko erizain espezialistak prestatzeko aukera ematen dute.

Ospitalean, Pediatriako BAME prestakuntza Pediatriako Zerbitzuan koordinatzen da, Itziar Astigarraga doktorearen zuzendaritzapean, zerbitzuburua den aldetik, ospitaleko zortzi tutorek eta Lehen Mailako Arretako bik osatutako talde baten laguntzaz. Nabarmentzekoa da akreditazio-prozesuan Pediatriako tutore Susana Capapé doktoreak oso modu aktiboan parte hartu zuela aitorpen honetarako beharrezkoa zen dokumentazioaren prestaketan.

Beti bezala, egoiliarrek Pediatriako arlo espezifikoetako prestakuntza-programa bat dute, osasun-zentro batean egonaldi bat egitea barne hartuta, baina akreditazioa lortzeko prestakuntza-ibilbideak doitu eta gainbegiratze- eta ebaluazio-protokolo berriak egin dira.

Erizaintza Pediatrikoko egoiliarren prestakuntzaren koordinazioa Erizaintza Zuzendariordetzako María Felisa Fernándezek eta Erizaintza Pediatrikoan aditua den Gotzone Zabala erizainak zuzendu dute –azken horrek Pediatriako Zainketa Intentsiboetako Unitatean lan egiten du, erizain kliniko gisa–. Era berean, BAEE prestakuntza akreditatzeko, Ministerioak exijitzen dituen dokumentu guztiak egin behar izan dira. Bi taldeen lana honakoek koordinatu dute: Ospitaleko Medikuntzako Irakaskuntza Unitateko arduradun Jesús Morán Barrios doktoreak, María Jesús González Garcíak eta Eva María Pérez Moránek eta Osasun Saileko Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako Irakaskuntza eta Garapen Profesionaleko zerbitzuburu Sebas Martin Morenok.

Itziar Astigarraga. Pediatria Zerbitzuburua

Zer garrantzi du Irakaskuntza Unitate Multiprofesional gisa akreditatzeak?

Akreditazioa Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak gure Pediatriako eta arlo espezifikoetako BAME prestakuntza-programaren kalitate onari egindako aitorpen positibo bat da. Gainera, aldaketa garrantzitsu bat eragingo du. Horri esker, gure zentroan Erizaintza Pediatrikoko BAEE prestakuntza eman ahal izango da 2018tik aurrera. Gainera, haur eta nerabeei arreta emango dieten osasun-langileen prestakuntzaren koordinazioa hobetuko du.

Zer ibilbide egin da akreditazioa lortu arte?

Akreditazioa lortzeko lana 2015eko martxoan hasi zen eta guk guztiok lan dezente egin behar izan dugu. Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioak aldeko ebazpena eman zuen 2017ko maiatzaren 19an. Osasun Sailak, Medikuntzako Irakaskuntza Unitateak, Pediatriako pediatra eta erizain guztiek poz handiarekin eta proposatutako prestakuntza-programak garatzeko ilusioarekin hartu genuen albiste hori. Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea eta Bizkaiko hamar osasun-zentro akreditatu dira, guztira, hamar BAME eta zortzi BAEE prestatzeko.

BAME eta BAEE plazen azken deialdian –2017ko irailaren 15ean argitaratu zen BOEn–, dagoeneko gure zentroko Pediatriako egoiliar eta erizainentzako plazen eskaintza agertzen da. Aurten, hamar BAME plaza eskaini dira, beste urte batzuetan bezala, baina lehenengo aldiz Pediatriako BAEE erizainentzako lau plaza eskaini dira. 2018ko maiatzean sartzea aurreikusten da.

Zer irizpide bete behar izan dira?

Pediatriako Irakaskuntza Unitate Multiprofesional gisa, beste espezialitate batzuekiko komunak diren akreditazio-baldintza batzuk bete behar ditugu, eta pediatriaren arlorako espezifikoak diren beste batzuk. Ez dakit zehazki Ministerioko arduradunek zer irizpide ebaluatu dituzten, baina badakigu oso sakon gainbegiratzen dituztela espezialitateko programa ofizialera egokitu behar duten prestakuntza-programak, helburuak lortzeko prestakuntza-ibilbideen proposamenak eta mediku zein erizain egoiliarrak gainbegiratzeko eta ebaluatzeko planteatutako sistemak.

Akreditazioa lortzea prozesu luzea eta konplexua izan da, Estatuko eta Erkidegoko hainbat batzorderen onarpena behar delako; adibidez, Pediatriako eta Erizaintza Pediatrikoko espezialitateen batzorde nazionalena, Osasun Zientzietako Espezialitateen Kontseilu Nazionalarena eta Ministerioko Antolaketa Profesionalaren Zuzendaritza Orokorrarena. Prozesu dinamikoa da eta aldizka berrikusten dela uste dut.

Ziur nago arazorik gabe eutsi ahal izango diogula, kalitatezko BAME eta BAEE prestakuntza-programak, prestatu ditugunak bezalakoak, eskaintzen jarraitzen badugu, eta osasun-zentroetan eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean arreta pediatrikoko taldeak osatzen ditugun osasun-arloko profesionalen inplikazioari eta irakaskuntzarako dedikazioari eusten badiegu.

Noticia anteriorBronkiolitisa ‘gutxiago gehiago da’ kanpaina
Noticia siguienteEuskararen eguna