Iragan urriaren 22an, Osakidetzako Zerbitzu Zentraletako Marian Cidoncha eta Lucía Gárate etorri ziren Zainketen Bikaintasunarekin Konpromisoa duten Zentroen Jardunbide Egokien Gidak (BPSO) inplementatzeko prozesua auditatzera. Prozesu horrek barne hartzen du Sarbide Baskularreko Gida, Minaren Maneiuari buruzko Gida eta Presioagatiko Ultzeren Prebentziorako Gida inplementatzea.

Horretarako, 140 profesional inguru mobilizatu dira ESIan, eskuragarri dagoen ebidentzia eguneroko jardunean txertatzeko; izan ere, horrela soilik lortuko dugu bikaintasunera hurbiltzea.

Auditoria egin zen egunean, kudeatzaileak, zuzendari medikoak, Erizaintzako zuzendariak eta Integrazioko zuzendariordeak egin zieten harrera ikuskatzaileei; gero, jardunaldi bat egin zen proiektuan diharduten 60 bat profesionalekin, eta haiek ezagutzeko aukera izan zuten.

Bi norabideko ekitaldia izan zen: ikuskatzaileek gure errealitatearen berri izan zuten, eta, era berean, sustatzaileek zuzenean ezagutu ahal izan zuten auditoriaren garapena. Horrez gain, bi unitate bisitatu zituzten: 4.E, non Sarbide Baskularreko Gida ari baita inplementatzen, eta Pediatriako Zainketa Intentsiboen Unitatea, non Minaren Gida ari baita inplementatzen. Bi zerbitzu horietan zenbait alderdi ikuskatu zituzten bi auditoreek: dokumentazioa, prozesuaren hedapena eta nola ari diren langileak gida inplementatzen.

Hasierako txostena oso aldekoa izan zen, eta horrek bultzada eman zion proiektuari. Proiektua, funtsean, aldaketa-proiektu bat da, ebidentzia eta talde-lana nabarmentzen dituena. Hala ere, proiektua are transbertsalagoa izatea da helburua.