Gainera, finalista izan da beste bi kategoriatan: neurologia eta konplexutasun handiko ospitale onena.

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak aitorpena jaso du zenbait espezialitate klinikotan, beste urte batez. Aurten, bada, anestesia eta bizkorketako zerbitzu onenaren saria jaso du eta finalista izan da bi kategoria hauetan: neurologia eta konplexutasun handiko ospitale onena. Best in Class 2019 sariak bart banatu dira Santiago de Compostelan egindako ekitaldian. Sari hauen helburua da aitorpena egitea pazienteei eskainitako arretan bikaintasuna bilatzen duten lehen mailako arretako zentrorik onenari, ospitale onenari eta zerbitzu eta unitate onenei, publikoak zein pribatuak izan.

Honako hauek jaso zituzten sariak: Anestesia eta Bizkorketako Zerbitzuko buru Alberto Martínezek, Neurologia Zerbitzuko buru Alfredo Antigüedadek, Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzeta ESIko zuzendari mediko Edurne Omaetxebarriak, Zerbitzu Kirurgikoetako zuzendariorde mediko Ainhoa Epalzak eta Zerbitzu Medikoetako zuzendariorde mediko Covadonga Fernández Maiztegik.

Best in Class sariak Contenidos e Información de Salud argitaletxeko Gaceta Médicak eta Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Osasun Berrikuntza eta Kudeaketako Katedrak sustatzen dituzte. XIV. edizioa izan den honetan 40 sari eman dituzte, PAKI indizea kontuan hartuta (Pazientearen Asistentzia Kalitatearen Indizea, Juan Carlos Erregea Unibertsitateko Osasun Berrikuntza eta Kudeaketako Katedrak egina), indize horren arabera zehazten baita zein diren estatuan pazientearen asistentziari kalitate-ekarpen handiena egiten dioten zentrorik onenak, baita beste sei sari berezi ere.

PAKI indizeak, besteak beste, honako arlo hauetan lortutako emaitza kuantitatibo eta kualitatiboak hartzen ditu kontuan: arreta-zerbitzuak, irisgarritasuna, zerbitzu-zorroa, bezeroen gogobetetzea, interesdunei emandako informazioa eta lortutako aitortzak.