Martxoaren 14a Endometriosiaren Munduko Eguna da; hots, munduko emakumeen ehuneko handi bati eragiten dion eta haien bizi-kalitatea aldatzen duen nahasmendu hori ikusarazteko eguna.

BAINA, ZER DA ZEHAZKI ENDOMETRIOSIA?

Endometriosia gaixotasun kroniko bat da, emakumeei soilik eragiten diena, eta, izenak adierazten duen bezala, endometrioari (umetoki-estaldura) egiten dio erreferentzia. Endometrioa bere ohiko lekutik kanpo ezartzen eta hazten da (nagusiki, pelbis-barrunbeko organoetan, nahiz eta gorputzeko edozein ataletan finka daitekeen), eta hilekoaren zikloaren mende dago, alegia, ziklo bakoitzean loditzen eta deskonposatzen da, eta odola botatzen du. Hala ere, ehun hori, gorputzetik ateratzeko modurik ez duenez, harrapatuta geratzen da. Gainera, kisteak sor ditzake, edo orbain-ehuna eta atxikidurak gara ditzake pelbis barruko ehunetan eta gorputzeko beste toki batzuetan.

Gaixotasun honen sintoma nagusia PELBISEKO MIN bizia da hilerokoan, sexu-harremanetan edo baita libratzean edo pixa egitean ere. Horrek, neurri handi batean, emakumeen bizi-kalitateari eragiten dio, eta, denborarekin, pelbiseko min kronikoa, sabeleko distentsioa, goragalea, nekea eta, batzuetan, depresioa eta antsietatea eragin ditzake.

Bestalde, endometriosiaren konplikazio nagusia ugalkortasunaren narriadura da; izan ere, eragindako emakumeen erdiek ere haurdunaldia lortzeko zailtasunak dituzte (tronpen buxadurak, ezartzeko arazoak, obulutegi-ehuna suntsitzea…).

Gaixotasun errepikakor eta progresibo bat da, eta ez du ez kausa ezagunik ez tratamendu espezifikorik.

ZER AUKERA DITUGU?

Diagnostikoa zaila dela eta tratamendua konplexua dela kontuan hartuta, jarduera-protokoloak funtsezkoak dira gaixotasuna kudeatzeko, eta Osasun Sistema Nazionalak 2013ko «Endometriosia duten emakumeei arreta emateko gida» dauka. Gida horretan, zainketa-planak egitea gomendatzen da, eskura dagoen azken ebidentzian oinarritutako arretaren kalitatea hobetzeko, jarduketak hiru etapatan banatuta:

1. Gaixotasunari eta gaixotasunari buruzko ezagutzei aurre egiteko, osasunerako heziketa, laguntza eta aholkularitza baliatzea.
2. Erregimen terapeutikoa eta osasunaren autokudeaketa; ezinbestekoa da arreta ematen duten langileen espezializazioa eta diziplina anitzeko lana.
3. Identifikatutako diagnostiko espezifikoetan esku hartzea.

GENEROAZ ETA OSASUNAZ ARI GARELA…

Endometriosiak ugaltzeko adinean dauden mundu osoko emakume eta nesken % 10i eragiten die, gutxi gorabehera (190 milioi inguru); hala ere, diagnostikoa ez da erraza, eta gaixotasuna duten emakume askok ia ez dute horri buruzko informaziorik. Ondorioz, denbora asko igarotzen da lehen sintomen eta diagnostikoaren artean.

Endometriosiak eragina du emakumeen sexu- eta ugalketa-osasunean, bizi-kalitatean eta ongizate orokorrean; beraz, ezin ditugu deskribatu dizkiguten sintomak normalizatu eta estigmatizatu.

Oso zabalduta dago hilekoak min ematen duen ustea, eta normaltasuna eta patologia bereiztea kostatzen zaigu ikerketa zientifiko eskasa dagoelako emakumeen hilekoaren fisiologiari eta osasunari buruz, beste prozesu fisiologiko batzuekin alderatuta. Dakigunez, denbora luzez indibiduo arrak ikertu dira, eta datu zientifikoak emeei estrapolatu. Komunitate zientifikoa, baina, hasi da hori okertzat hartzen.

Genero-alborapen horren ondorioz, emakumeak behar bezala diagnostikatzeko eta tratatzeko moduari buruzko ikerketa-hutsuneak sortu dira, baita hizpide dugun hau ere, hots, endometriosia.

Bai hilerokoa bai hilerokoa aldatu eta gure bizi-kalitatean eragin dezaketen zenbait gaixotasun akutu edo kroniko ikusarazteko unea iritsi da. Emakumeok gure gaixotasunen diagnostiko bat eta kudeaketa egokia eskatzeko boterea izan behar dugu.

Genero eta Osasun taldearen artikuloa

Noticia anteriorLEAN Farmazian aplikatzeari buruzko Izpiak saioa
Noticia siguienteMartxoa, Endometriosiaren hilabetea