SHIELD proiektuaren xedea da herritarren osasunari buruzko datuak Europako herrialdeen artean trukatzeko tresnak garatzea, eta hori segurtasuna bermatuz eta Europako araudiarekin eta estandarrekin bat etorriz egitea. Azken helburua herritarrei arreta mediko hobea ematea da, osasun-datuen legezko erabilera eta trukea eginez.

SHIELD proiektuaren helburuak betetzeko, tresna horiek hainbat mugaz gaindiko eszenatokitan probatu nahi dira, hau da, herritarrek beren jatorrizko herrialdetik kanpo arreta medikoa jaso behar duten kasuetan. Hartara, Europar Batasuneko beste estatuetako osasun-arloko profesionalek pazientearen jatorrizko herrialdeko osasun-datuetara sarbidea izango dute, ahalik eta arreta onena emateko.

SHIELD proiektuan Europako hiru eskualdek parte hartzen dute. Hauek dira eskualde horietako erakunde sanitario bazkideak: Fondazione Centro San Raffaele (Italia), Lancashire County Council (Erresuma Batua) eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea (Euskadi).

Berriki, BioCrucesek eta Osakidetzak partzuergoaren bilera programatuetako batean parte hartu zuten, Milanen, Fondazione Centro San Raffaelen (FCSR). Zentro hori irabazi-asmorik gabeko erakunde bat da, San Raffaele IRCCS ospitalean egiten den ikerkuntza sustatzeko fundatua. FCSRk, esparru-akordio baten bidez, kooperazio intentsiboa eta produktibitate handikoa garatu du Ospedale IRCCS San Raffaelerekin (OSR) batera. Azken hori Italiako ikerketa zientifikorako institutu pribatu nagusietako bat da. Fundazioaren eta OSR ospitalearen arteko akordio horri esker, bi erakundeen arteko elkarlana eta ikerketaren emaitzak ohiko praktika medikora transferi daitezke.

FCSRn egindako egonaldian, Osakidetzako ikerkuntza-taldeko kideek bisita gidatua egin zuten OSRko instalazioetan. Andrea Michelettik egin zuen gidari-lana; Micheletti proiektuaren ikertzaile kolaboratzailea da eta Kalitate Arloko profesionala Zuzendaritza Sanitarioaren barruan. Bisita horren bidez, elkarlanerako loturak sendotu nahi dira mugaz gaindiko etorkizuneko elkarlan-proiektuetarako, bai eta bi aldeentzako interesekoak izan daitezkeen beste ikerkuntza-ekimen batzuetarako ere.