COVID-19aren agerraldia piztu zenetik, lehen lerroan daudenen datu eta txosten berriek agerian uzten dute areagotu egin dela emakumeen eta neskatoen aurkako indarkeria oro; bereziki, etxekoa. Emakumeek bi konfinamendu bizi dituzte: alde batetik, pandemiak eragindakoa; eta, bestetik, etxean jasaten dutena.

COVID-19aren krisiaren erdian hazten ari den itzalpeko pandemia da indarkeria hori, eta ahalegin kolektiboa behar dugu geldiarazteko. COVID-19ko kasuek osasun-zerbitzuen gainkarga eragiten jarraitzen dutenez, etxeetan indarkeria jasaten duten emakumeei arreta emateko funtsezko zerbitzuek, hala nola babeslekuek eta arreta zentroek, edukiera-muga gainditu dute mundu osoan, Nazio Batuen Erakundeak jakitera eman duenez. Gehiago ahalegindu behar dugu ezinbestean, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea lehentasunezko zeregin izan dadin suspertze-neurrietan eta COVID-19ari eman behar zaion erantzunean (1).

Ezinbestekoa da, halaber, emakumeen eta neskatoen (eta mutikoen) aurkako ezkutuko indarkeriaz ohartaraztea. Azaroaren 25a emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko eguna da. Horregatik, Psikiatria Zerbitzuan erabaki genuen inkesta anonimo bat egitea gure erakunde sanitario integratuan. Inkesta horretan bi galdera baino ez zeuden: alde batetik, pertsonaren sexua (emakumea, gizona, ez-bitarra) jakin nahi genuen; eta, bestetik, ea haurtzaroko sexu-indarkeriaren aurrekaririk zegoen. Galdera horrek barne hartzen zituen ukituak, exhibizionismoa, pornografiarekiko esposizioa, jazarpena eta bortxaketa, Europako Kontseiluak ezartzen duen bezala.

Galdera hau egin genuen: sexu-erasoa jasan duten lau neskatotik bat zara? (edo zazpi mutikotik bat?) Egun gutxiren buruan 36 erantzun jaso genituen. Baietz erantzun zuten pertsona guztiak emakumeak ziren. Guztira, 13. Parte hartu zuten 36 pertsonatik 28 emakumeak ziren; 6 gizonak ziren, eta, bat, ez-bitarra. Haurtzaroko sexu-indarkeriak giza eskubideak urratzen ditu, eta subjektibotasuna eta nortasuna markatzen ditu, bai eta gure gorputzarekin, pertsonen arteko harremanekin eta gizarteratzeko moduarekin erlazionatzeko modua ere. Horrez gain, eragina du horrelako egoera latz bati aurre egiteko indarrean eta erresilientzian. Hori dela eta, eskerrak eman nahi dizkiegu gure lankideei, inkesta erantzutera ausartu direlako. Izan ere, gertaera horietatik bizirik atera diren pertsona askoren indarra eta erresilientzia erakusten digu. Eta orain, osasun-langile gisa (modalitate guztietan) ere indar eta erresilientzia hori agerian utzi dute.

Azpimarratu nahi dugu inkesta horietatik datu kezkagarriagoak atera ditugula: erantzun duten 3 pertsonatik ia batek halako indarkeria pairatu du. Hitz hauekin agerian utzi nahi dugu haurtzarotik jasandako indarkeria matxista arazo larria dela. Halako biktimek txiki-txikitatik jasaten duten indarkeria hori, gainera, inguru hurbileko norbaitek –edo senide batek– gauzatu ohi du.

Marta Suriak Ella soy yo liburuari hasiera emateko erabiltzen duen esaldia erabili dugu. Egileak urriaren 1ean gure erakunde sanitario integratuan antolatu genituen Berdintasunaren aldeko VII. Jardunaldietan aurkeztu zuen bere liburua. Autobiografikoa eta ausarta da; irakurtzea gomendatzen dizuegu.

Inkesta eskuragarri dago intraneteko «GENEROA ETA OSASUNA» eremuan.

Generoa eta Osasuna Taldea

Erreferentziak
1. https://www.un.org/es/observances/ending-violence-against-women