Pirinioen bi aldeetako ikerketa biomedikoaren sarearen bigarren faseak REFBIO II sareko 9 bazkide bildu zituen
Sarean zazpi urtez lan egin ondoren, Refbiok bere helburua lortu du: Pirinioen bi aldeetako profesionalak inplikatzea, ikerketa biomedikoaren arloan proiektu bateratuak aurrera ateratzeko. Hemendik aurrera, sareak bi faseetan zehar sortutako komunikazio- eta harreman-bideak mantenduko ditu, zenbait zentro biltzen dituzten ekimenak gauzatzeko.
Refbioren bigarren fasearen % 65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) kofinantzatu du, INTERREG V-A Espainia-Frantzia-Andorra (POCTEFA 2014-2020) programaren barruan. POCTEFAren helburua da Espainia, Frantzia eta Andorra herrialdeen arteko mugaldean integrazio ekonomikoa eta soziala sendotzea. Hain zuzen ere, mugaz gaindiko ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-jarduerak laguntzen ditu lurralde-garapen jasangarriaren aldeko estrategia bateratuen bitartez.
Honako hauek dira Refbioren bigarren faseko erakunde bazkideak: Navarrabiomed-Miguel Servet fundazioa (proiektuaren burua); Biodonostia Osasun Ikerketako Institutua (BIODONOSTIA); Biocruces Osasun Ikerketako Institutua (BIOCRUCES BIZKAIA); Tolosako Unibertsitate Ospitalea (CHU Toulouse); Errioxako Ikerkuntza Biomedikoko Zentroa (CIBIR); Akitaniako Cluster Santé Osasuna; Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitariorako Euskal Fundazioa (BIOEF); Osasun Zientzien Aragoiko Institutua (IACS), eta Tolosako Paul Sabatier Unibertsitatea (UPS).
Parte-hartzea
Guztira, eskualde parte-hartzaileetako (Euskal Autonomia Erkidegoa, Nafarroa, Aragoi, Errioxa, Akitania Berria eta Okzitania) ehun profesional inguruk parte hartu dute, eta gauzatu diren hogei proiektuak eta horietako bakoitzean lortutako emaitzak ezagutzeko aukera izan dute.
BioCruces Bizkaia institutuan nerbio-sistemako gaixotasunak eta nahasmendu metabolikoak ikertzen dituztenek, POCTEFA programako lurraldeetako beste bazkide batzuekin batera, parte hartu dute HEPATIC, MOMENEU eta HEADLINE elkarlaneko ikerketa-proiektuetan, bai eta teknologia transferitzeko PITRID proiektuetan ere: IBD-IFXADA eta IKERIKTUS. Hala, Barrualde-Galdakao, Bilbo-Basurtu eta Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIetako ikertzaileak REFBIO II proiektuan sortu diren Europako partzuergoen parte dira, eta jada argitaratu dituzte euren lehen emaitzak aldizkari zientifikoetan, bai eta patente bat eskatu ere.