Duela gutxi, hainbat hiritan eta sare sozialetan, prostituzioari buruz eztabaidatzeko ekintzak antolatu dira, bi argudio-ildo oso zehatzekin: deuseztatu behar dela edo erregulatu behar dela. Berriki, gainera, isilean laguntza eskatzen ari zen sexualki esplotatutako emakume bati lagun egiteko aukera izan dut.
Espazio hau baliatu nahi izan dut, ez alde bakoitzean erabiltzen diren argudioen azterketa xehatua egiteko, baizik eta «prostituzioa» eta «pertsonak sexu-esplotaziorako salerostea» kontzeptuek zer inplikatzen duten sinpleki azaltzeko, bi helbururekin: batetik, lerro hauek irakurtzen dituzten pertsonak sentsibilizatzea, alerta-jarrera izan dezaten; eta, bestetik, biktima posible bat aurkituz gero eman behar diren pausoei buruzko informazioa ematea.
KONTZEPTUAK ARGITZEN
Prostituitzea «norbaitek, diru truke, sexu-zerbitzuak eskaintzea» (1) dela ulertzen da. Baina utz iezadazue nire ustez errealitatera gehiago egokitzen den definizio bat ematen; UNESCOk proposatzen diguna, hain zuzen. Honako hau da: «Prostituitzea ez da emakumearen sexu-askatasunaren adierazpen bat; alderantziz, ia beti indarkeriarekin, bazterkeriarekin, zailtasun ekonomikoekin eta kultura sexista eta patriarkalarekin lotuta dago (…). Arazo horri aurre egiteko, ezinbestekoa da gizarteak esklabotasun mota horren aurrean sumintzeko ahalmena berreskuratzea (…). Prostituitzen diren emakumeek jardun horretan jarraitzea lortzeko, kasu gehienetan aldez aurretik pentsatutako indarra eta abusu fisikoa erabiltzen dira, baina, askotan, prostituitzea bera aldez aurreko abusu sexual eta emozionalaren, gabezia eta desabantaila ekonomikoen, marjinalizazioaren, nortasun-galeraren, manipulazioaren eta etsipenaren ondorioa izaten da» (2).
Beste alde batetik, pertsonak sexu-esplotaziorako salerostea, duela urte batzuk arte, ikuspegi oker batean oinarrituz, zurien salerosketa gisa definitua (termino horrek ez zituen emakume beltzak barne hartzen, historikoki haiek erosi eta saltzea legezkoa izan delako), honela definitzen da: «Pertsonen kaptazioa, garraioa, lekualdaketa zein pertsona hauek hartzea edo jasotzea, betiere mehatxuz zein indarrez edota hertsatzeko hainbat modu zein bahiketa, iruzurra, botere-abusua nahiz ahultasun egoera bat erabiliz, bai eta ordainketak edo etekinak jaso ala ematea, beste pertsona bat menpean daukan pertsona baten baimena lortzeko, esplotazio helburuaz –prostituzioa eta pornografia barne (…)–» (3).
Prostituzioaren fenomenoa eta emakumeen trafiko eta salerosketa guztiz erlazionatuta daude; izan ere, prostituzioan diharduten emakume gehienak pertsonen salerosketaren biktima dira edo izan dira».
GATOZEN ZENBAKIETARA (4)
Zaila da prostituzioaren eta salerosketaren dimentsio globala eta nazionala ezagutzea, baina erakunde ofizialek eskaintzen dituzten datuetako batzuk bildu ditut:
Prostituzioa, munduan:
Irabazi gehien ematen dituzten «negozioen» artean bigarrena da prostituzioa, armen trafikoaren ondoren eta drogen trafikoaren aurretik.
Urtean 5-7 bilioi dolarreko irabaziak ematen ditu.
Gutxi gorabehera 4 milioi emakume eta neska erosi eta saltzen dituzte, prostituziora, esklabotzara edo ezkontzara behartzeko.
Zenbait kalkuluren arabera, mafiek urtean 7.000 milioi dolar irabazten dituzte.
Europan, proxeneta bakoitzak urtean 100.000 euroko irabaziak lortzen ditu prostituitzen den emakume bakoitzeko, eta gutxienez 20 edo 25 emakume prostituitzen ditu.
Europar Batasunean, prostituitzen diren emakumeen kopurua 200.000 eta 500.000 artekoa da; horietatik bi heren Ekialdeko Europakoak dira.
Gizonen % 70ek onartzen dute beren bizitzako uneren batean beste pertsona baten prostituzioa eskatu dutela (5).
Prostituzioa, Espainiako Estatuan:
Espainiarrek egunean 50 milioi euro ordaintzen dituzte prostituzioa kontsumitzeko.
Bezero potentzialak 15 milioi gizon dira eta prostituitutako emakumeak 400.000; hots, emakume bat 38 gizoneko.
Prostituzioak urtean 18.000 milioi euro mugitzen ditu Espainian.
Espainiako biztanleen % 6 prostituzioaren ohiko kontsumitzaileak dira.
10 espainiarretatik 4k prostituzioa kontsumitzen dutela aitortzen dute (6).
Komunikabideek ere onurak lortzen dituzte: prentsa idatziak, adibidez, prostituzioaren publizitatetik diru-sarrera handiak lortzen ditu. Espainian tirada handiena duen egunkariak urtean 5 milioi euro inguru irabazten ditu.
BIKTIMAK ANTZEMATEA (7)
Emakume askok ez dute beren egoerari buruzko informaziorik eman nahi, edo ez dira jabetzen jasaten duten indarkeriaz, baina honako seinale hauei erreparatu behar diegu, besteak beste, eta alertan jarri (8):
• Ezin dituzte beren dokumentuak eskuratu (NANa, pasaportea, egoitza-txartela, etab.).
• Immigrazio-paper faltsuak dituzte.
• Diru gutxi dute edo batere ez.
• Hitz egitearen beldur dira, beraiei edo beren familiari zerbait gertatzearen beldur dira.
• Indarkeria fisikoa jasan izanaren seinaleak dituzte.
• Beldurra, mesfidantza, antsietatea eta urduritasuna, baita etsaitasuna ere.
• Beren lanari edo bizitzari buruzko informazioa emateko errezeloa dute, erantzunak «prestatuta» dituztela dirudi edo jarraibideak betetzen ari direla.
• Tratatu gabeko gaixotasunak dituzte.
• Herrialdean denbora luzea daramaten arren, ez dute hizkuntza ezagutzen.
• Ez dakite zein hiritan dauden.
• Ez dute mugitzeko askatasunik, beti laneko norbaitek lagunduta daude eta ezin dute beren borondatez lanez edo hiriz aldatu.
• Lantokia eta bizilekua leku berean dute, edo beren etxean eta lanean segurtasun-neurri zorrotzak dituzte, hala nola burdin sareak edo zaintza-kamerak.
• Mendekotasun-markak edo -osagarriak dituzte, hala nola tatuajeak.
• Hainbat erredura dituzte.
• Ez dute harremanik beren sare naturalarekin eta senideekin.
• Droga-mendekotasuna dute.
ZER EGIN DEZAKEGU?
Lehenik, ondoan dugun emakumeari lagun egin, entzun eta, batez ere, ez epaitu. Espazio atsegin batean konfiantza- eta intimitate-giroa ezartzea ezinbestekoa da eroso eta aske senti daitezen.
Hurrengo urratsa gure lantokietako gizarte-langileekin harremanetan jartzea da; langile horiek dira egoera horietarako egokienak, eta pauso bakoitzaren eta prozesua abian jartzearen inguruko aholkuak emango dizkigute.
Gure Generoa eta Osasuna (GO) eremuko baliabideen atalean, ESIko intranetean, GOko taldeak bildu duen informazio erabilgarri guztia duzue.
Azkenik, jarraitu dezagun gure begiak, belarriak eta arima gure «ahizpen/arreben» aurkako atentatu guztiak ikusi, entzun eta sentitzeko prest izaten, behar dugun guztietan elkarri lagun egiten jarraitzeko.
GOMENDATUTAKO IRAKURKETA: Dejame contarte. Testimonios de mujeres que han sufrido violencias en el ejercicio de la prostitución
(1) https://www.euskaltzaindia.eus/index.php?sarrera=prostituzioa&option=com_hiztegianbilatu&view=frontpage&lang=eu
(2,5,6) APRAMP. LA PROSTITUCIÓN. CLAVES BÁSICAS PARA REFLEXIONAR SOBRE UN PROBLEMA (2005).
(3) https://www.policia.es/_es/colabora_trata#
(4) Cortes Generales. Comisión Mixta de los Derechos de la Mujer y de la Igualdad de Oportunidades. INFORME DE LA PONENCIA SOBRE LA PROSTITUCIÓN EN NUESTRO PAÍS (Aprobada el 13 de marzo de 2007).
(7) APRAMP. LA TRATA CON FINES DE EXPLOTACION SEXUAL (2011)
(8) https://www.emakunde.euskadi.eus/contenidos/informacion/violencia_guias/es_def/adjuntos/guia.recursos.trata.explotacion.sexual.profesionales.ciudadania.cas.pdf
ESIko Genero eta Osasun taldeak egindako artikulua