Kolon eta ondesteko minbizia bahetzeko programan parte hartu duten pertsonen biziraupenaren gehikuntza horri esker, Euskadik, 2017. urtean jada, eredu teorikoak 2030 lortzea espero zituen aurreikuspenak gainditu ditu. Data horretan, emaitzek hasierako aurreikuspenak erraz gaindi ditzakete, bahetzeko euskal programa mundu osoan parte hartze handienetakoa duena eta Estatuan handiena duena dela kontuan hartuta.
Azterketaren egileek azpimarratutakoaren arabera, parte-hartze kopuru horiekin litekeena da etorkizunean biziraupena hobetzeaz gain, minbizi berriak agertzeko intzidentzia murriztea. Izan ere, bestela gaizto bilakatu eta, beraz, sabeleko kirurgia eta batzuetan kimioterapia edo antzeko tratamendua beharko luketen lesio aurre-gaiztoak, modu honetan kolonoskopia bidez diagnostikatu eta erauzi ahal izango dira.
Euskadiko kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programak, hain zuzen ere, hamar urte betetzen ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ezarri zuenetik. Denbora horretan, 26.856 lesio premaligno (adenoma aurreratuak) eta maligno (minbizi inbaditzaileak) hauteman eta tratatu ahal izan dira. Horietatik % 69,6 gizonetan eta % 30,4 emakumeetan diagnostikatu zituzten. 10 urte hauetan diagnostikatutako minbizi inbaditzaile guztietatik, % 69 hasierako fasetan (I-II) aurkitu ziren. Horrek bizi-kalitate hobea, biziraute handiagoa, eta bahetzea egiten hasi aurretik zegoen egoera baino askoz hobea suposatzen du. Ordura arte kasuen % 40 besterik ez ziren aurkitu hasierako fasean.
50 eta 69 urte arteko pertsonak dira kolon eta ondesteko minbizia goiz detektatzeko programen xede-populazioa, nazioarteko estandarrek hala ezarrita, talde horren partehartzea dela onurak lortzen dituena kontuan izanda. Euskadiko xede-populazioarengana iristeko, baliabide materialak zein profesionalak ditu oinarri Osakidetzako programak. Xede-populazioa gurean 591.744 pertsona dira; horietatik, % 51,4 emakumeak dira, alegia, Euskadiko biztanleen % 27,2a, EUSTATen biztanleria-datuen arabera. Abian jarri zenetik aurtengo lehen hiruhilabetekoa bitartean, Osakidetzako programak Euskadiko xede-populazioaren ehuneko 100a gonbidatu du partehartzera, gutxienez hiru aldiz.
Informazio gehiago: Prentsa – Oharra