Osakidetzak 2013-2019 Euskararen Erabilera Normalizatzeko 2. Planaren ebaluazioa egin du azken hilabeteetan. Pandemiak ebaluazio-prozesua atzeratu du, baina zailtasunak zailtasun,  baditugu horren emaitzak: helburu asko egoki bete dira, baina badira hobetu beharreko atalak. Edozelan ere, 3. Planari begira emaitzak gako izango dira, zer jorratu eta non eragin zehazte aldera.

Ebaluazioa Osakidetzako Euskara Zerbitzu Korporatiboak diseinatu eta Elhuyar-Zubize enpresak burutu du, eta Osakidetzako zerbitzu-erakunde guztiak ebaluatu dira, prozedura zein metodologia bera erabiliz. Ebaluazioan, Elhuyarreko kideek informazio kuantitatiboa eta kualitatiboa bildu, aztertu eta baloratu dute.

ZENBAIT DATU

Ezkerralde-Enkarterri-Gurutzetako ESIari dagokionez, 5 osasun-zentro bisitatu dira (Balmaseda Castaños, Kabiezes, Ortuella eta Zalla) baita ospitaleko hainbat unitate ere (Pediatriako larrialdiak, Harrera eta PEAZ, Kardiologia, Erradiologia eta Digestio-aparatua); 25 telefono-dei egin dira zerbitzu-erakundeko unitateetara; Osakidetzan lehentasunezko hizkuntza euskara duten eta aurreko hilabeteetan gure erakundean asistentzia jaso duten 19 pazienteri inkesta egin zaie, eta 3 talde fokal antolatu dira (profesional euskaldunak, ez-euskaldunak, eta sindikatuen ordezkariak). Guztira, 45 pertsona elkarrizketatu dira (34 emakume eta 11 gizon).

EMAITZAK

EEG ESIak maila ertaina lortu du II. Euskara Planaren helburu eta neurriak betetzeari dagokionez (%56-%70).

 

ARDATZEZ ARDATZ

Planaren bost ardatz nagusiei erreparatuz gero, bitan (Kanpo-harremanak eta Barne-harremanak) oinarrizko maila lortu du, beste bitan (Irudia eta komunikazioa, eta Hizkuntza-eskakizunak, Lehentasunak eta Derrigortasun-datak) garapen-maila ertaina, eta Hizkuntza-kudeaketa ardatzean, maila aurreratua aitortu zaio; azken arlo horretan, hain zuzen ere, agintari eta arduradunen lidergoa, euskara erakundearen estrategian txertatzea, euskara-batzordea, euskara-zerbitzu teknikoa edo hizkuntza-politikaren ebaluazioa aintzat hartu dira).

Gutxien garatutako eremuak Kanpo-harremanak eta Barne-harremanak izan dira. Lehenengoan, paziente eta erabiltzaileekiko harremanak hartzen dira kontuan, eta bigarrenean enplegatuentzako komunikazioak, profesionalen arteko harremanak, euskarazko prestakuntza, etab. Esparru hauetan oraindik ere ahalegin handiak egin behar dira euskara lehenesten duten pazienteei euskarazko arreta bermatzeko nahiz langile euskaldunei euskarazko prestakuntza emateko.

INDARGUNEAK ETA HOBETU BEHARREKOAK

Ebaluazio-txostenetan azpimarra berezia jartzen da bigarren plangintzaldiko indargune eta hobetu beharreko alderdi nagusietan.

Indargune hauek nabarmendu dira: Zuzendaritzaren zati handi baten inplikazioa eta konpromisoa; Euskara Plana erakundearen Plan Estrategikoan sartzea; Hizkuntza-irizpideak zabaltzeko egindako ahalegin handiak; Profesionalen euskarazko prestakuntzari laguntza ematea; eta Aliantza- eta koordinazio-sareen sorrera

Bestalde, hauek dira erakundean identifikatu diren hobetu beharreko alderdiak: Zuzendaritza, buruzagitza eta bigarren mailako agintari guztien konpromisoa eta inplikazioa lortzea; Erabiltzaileen lehentasunezko hizkuntzaren erregistroaren garrantzia nabarmentzea eta aurrera egitea; Neurriak ezartzea eta aurrerapausoak ematea pazienteek arreta euskaraz jaso dezaten;  Hizkuntza-ohiturak aldatzeko eta bi hizkuntzatan lan egiteko prestatzeko estrategiak bultzatzea; eta Euskaldunak ez diren profesionalak sentsibilizatzeko eta haiekin lan egiteko tresnak martxan jartzea, besteak beste.

Joan den urriaren 14an ebaluazio-txostena aurkeztu zen Euskara Batzordean, eta horrekin batera ebaluazio-emaitzetatik eratorritako lan-ildo nagusiak datozen urteoi begira. Badago, beraz, non eragin.

Ebaluazio-txostena eta horren aurkezpen-dokumentua EEG ESIko intranetean ikus daitezke:

https://crucesezkerraldea.osakidetza.eus/eu/Personas/eusk1/norma1/Orriak/Espec%c3%adfica.aspx