Muskizko Osasun Zentroko erizainen eta pediatriako medikuen taldeak ParloTEA proiektua garatu du. Proiektu horren helburua komunikazio-oztopoak kentzea da, pediatriako paziente guztiak (hainbat premia soziokomunikatibo dituzten haurrak barne) hainbat piktogramaz baliatuta integratzeko.

Horretarako, piktogramen istorioak garatu dira, aurrez aurreko kontsultan egiten diren esku-hartze ohikoenak azaltzeko: tentsioa hartzea, pisatzea eta neurtzea, auskultatzea, txertoak jartzea eta abar, eta urratsez urrats deskribatzen dituzte egingo zaizkien esku-hartzeak eta kontsultara joaten diren haurrek une bakoitzean sentituko dutena.

Honela funtzionatzen du: erizainek telefono bidezko kontsulta bat egingo diote familiari programatutako aurrez aurreko kontsulta baino 2-3 egun lehenago, eta aurrez aurreko kontsultan egingo den osasun-jarduketaren piktogramen sekuentzia helaraziko zaio, haurrari aldez aurretik azal diezaioten. Behin kontsultara iritsita, osasun-langileek piktograma berberak erabiliko dituzte egingo den urrats bakoitza azaltzeko, haurrak hobeto uler dezan zer gertatzen ari den.

Horrela, kontsultak sor dezakeen estresa eta beldurra gutxitzen da, eta txikienek gehiago laguntzea lortzen da; ondorioz, miaketa hobea egingo da eta errazago eta azkarrago azaldu ahal izango zaie diagnostikoa eta tratamendua gurasoei.